60 bat antzuolar eta bergarar GI-632 errepideko azken zatiko obraren gaineko bileran

Goiatz Arana Begiristain 2013ko urtarrilaren 31

Antzuola eta Bergara arteko lanak datorren astean hasiko dira, eta zati horretako kaltetuekin elkartu zen Aldundia atzo –eguaztena– Antzuolan, lana aurkezteko eta herritarren eskakizunak entzuteko. 60 bat herritar izan ziren bileran.

Moyua eta Antzibar enpresek egingo dituzte Beasain eta Bergara arteko GI-632 errepidearen azken zatiko lanak, datorren astean hasita. Antzuolako lotunea izango du abiapuntu eta, hain justu, Antzuolako eta Bergarako herritarrei lana aurkezteko bilera irekia egin zuen atzo Gipuzkoako Foru Aldundiak Antzuolako Olaran etxean. Lan horiek inguruan eragin handia izango dute eta Aldundiak herritarrei zuzenean eman nahi izan dizkie azalpenak: "Herritarren kezkak eta kexak entzutea garrantzitsua da Aldundiarentzat, eta haiei erantzuna ematen eta bideratzen saiatuko da", adierazi dute.

Joseba Altube Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako zuzendariak azalpenak emateaz gain, herritarren galderak erantzun zituen, eta haien eskakizunak jaso. Jesus Mari Elortza Bergarako alkatea eta Inma Beristain Antzuolako alkatea ere aurkezpenean izan ziren, baita Aldundiko teknikariak ere.

Eskaerak aurkezteko bulegoa

Obraren zuzendaritza teknikoa egingo duten Girder eta Saitec enpresetako ordezkariak ere izan ziren bileran, eta lanen inguruko zenbait azalpen eman zituzten. Bi enpresa horietako ordezkariek obraren lekuan bulegoa izango dute, eta herritarrek dituzten eskaerak bulego horretan aurkezteko aukera izango dute, uneoro. Enpresak eskaerak jasotzeaz gain, Udalari eta Foru Aldundiari ere emango dio horien berri.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak