Badaude sarrerak zapatuko Elgetako 'Peter Pan' ikuskizunerako

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2013ko urtarrilaren 31

Gabonetan Bergarako Musika Eskolak, herrian arrakastaz estreinatu zuen Peter Pan ikuskizunaz gozatzeko aukera izango da etzi, zapatua, Elgetako Espaloia Antzokian. Bi emanaldi egingo dituzte: 16:00etan eta 19:30etan. Sarrerak 15 eurotan daude eskuragarri: Bergarako Musika Eskolan; Pikuperen bulegoan; Espaloian eta www.espaloia.com atarian. Era berean, salgai dago dagoeneko, abenduaren 30ean Bergarako Frontoian egin zuten 'Peter Pan' ikuskizunaren grabazioa jasotzen duen euskarria.

Valen Monux, ikuskizuneko zuzendariaren esanetan, estreinaldiko urduritasunak atzean utzita, eta herrian egindako emanaldiek izandako harrerak eta jasotako animoak bultzatuta, indarberrituta doaz Elgetara: "Errodajea eginda dugula nabarmen igartzen dugu, eta dugun ilusioa, estreinaldirako geneukana bestekoa da; gogotsu gaude ikusleak berriz ere liluratzeko prest". 

Antzokiaren abantailak

Elgetako Espaloiak dituen ezaugarriak kontuan hartuta, ikusleak apenas igarriko dituen moldaketa batzuk egin behar izan dizkiote dekoratuei eta musikariak ere ezkutatu egin behar izan dituzte. Hala ere, Moñuxen esanetan, Elgetako antzokiak baditu aurreko agertokiarekin alderatuz, hainbat abantaila: "Frontoia beharrean, antzokia izanik soinu kalitatea askogatik hobea da eta ikaragarri igarriko da. Horretaz gainera, ikusleak gertuago  izango ditu taularen gainean izango diren artistak".

Bergarako emanaldiaren DVDa salgai

Goiena eta Bergarako Musika Eskolak elkarlanean argitaratu dute, iazko abenduaren 30ean Bergarako Frontoian egin zuten 'Peter Pan' ikuskizunaren grabazioa jasotzen duen euskarria. 12 eurotan, dagoeneko salgai dago, honako tokietan: Goienak Aretxabaletan eta Arrasaten dituen egoitzatan; Bergarako Musika Eskolan eta zapatuan, Elgetako Espaloian egingo dituzten emanaldietan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak