Metaleko lan hitzarmena aldarrikatu du LAB sindikatuak

Ubane Madera 2013ko urtarrilaren 31

Hiru auto karabana eta kale agerraldia egin dituzte gaur goizean LAB sindikatuko ordezkariek metal arloko lan hitzarmena defendatzeko. Bost hilabete falta dira oraingo hitzarmena bukatzeko, baina LABen ustez "alarma gorria" piztuta dago, momentuz, hitzarmen hori berritzeko asmorik ez dutelako atzematen Adegiren aldetik. 

"Negoziazio mahaia guztiz geldirik dago. Azken erreformaren ondorioz, herrialdetako hitzarmen guztiak uztailaren 7rako berriztu ezean, desagertu egingo dira, eta aplikatuko dute estatutua edo hitzarmen estatala", jakinarazi du Ander Gallegok, LAB sindikatuko Debagoieneko metaleko arduradunak.

Lan hitzarmena blindatu

Eta horren aurreko kezka eta aldarrikapena plazaratu dituzte LABeko ordezkariek gaur goizeko protesta ekimenen bitartez. "Eskatzen duguna da mantentzea langileen eskubide guztiak, eta hori lortzeko, dugun hitzarmena blindatu egin behar da. Adegiren jarrera da jarraitzea dagoen moduan hitzarmena, eta uztailetik aurrera aplikatzea erreforma osoa. Horrek ahalmena ematen die soldaten jaitsiera eta beste edozer gauza aldebakarretik aplikatzeko. Hala, guk eskatzen duguna da blindatzea, puntu batzuk ipintzea ez aplikatzeko, eta herrialdean gutxieneko hitzarmena lortzea, gutxieneko aplikazio bat izan dezan", gaineratu du LABeko ordezkariak. 

Auto-karabanak eta elkarretaratzea

Bada, hori defendatzeko, goizean hiru auto-karabana egin dituzte: Eskoriatza eta Arrasate inguruan bata; Bergara, Elgeta eta Antzuola inguruan bestea, eta Oñatin azkena. Bukatzeko, eguerdian Arrasateko Seber Altube plazan (argazkian) elkartu eta elkarretaratzea egin dute.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak