Krisia hasi zenetik, Gipuzkoan 2.000 enpresa eta 27.000 soldatapekoren lanpostu desagertu direla gogorarazi du Adegik. Eta, dirudienez, 2013a ere ez da suspertzearen urtea izango: Gipuzkoaren Barne Produktu Gordina %0,7 inguru txikituko da eta beste 3.000 pertsona lanik gabe geratuko dira; martxoan, horrenbestez, 52.000 langabe baino gehiago izango dira Gipuzkoan. Gipuzkoako enpresen %21,4k esan dute langile gutxiago izatea aurreikusten dutela; %71,3k langile kopuru berbera izateko gai ikusten du bere burua.
Iazko azken hiruhilekoan, fakturazioa %3,3 txikitu da. Barne merkatua geldialdian dago eta, 2009ko abendutik lehenengo aldiz, esportazioak ere txikitu egin dira.
Datu txar gehiago: eskaera-zorroa %4,2 txikitu zen hirugarren hiruhilekoarekin konparatuta. Inkestatutako enpresa gehienek (%66,5ek) eskaera-zorro "ahula" zutela esan zuten.
Kezka nagusia, Espainiako ekonomia
Finantziazioa lortzeko arazoak berriz larriagotu egin direla esan du Adegik: galdetutako enpresen %37k zirkulantea finantziatzeko baliabide gutxiago izan zituztela esan zuen, eta %30ek, inbertsioa finantziatzeko baliabide gutxiago.
Inbertsioa ere asko okertu zen: 2012an barrena, enpresen %41,5ek gutxiago inbertitu zuten. Urtean zehar, ikerkuntzan eta garapenean gutxiago inbertitu zuten Gipuzkoako enpresek.
Enpresen erdiek baino gehiagok uste dute euren merkatuak krisian izango direla aurten; %33k, aldiz, egoera "normala" aurreikusten dute, eta bakarrik %9k diote suspertzea espero dutela.
Gipuzkoako enpresaburuen kezka nagusia Espainiako ekonomiaren ahulezia da, eta bigarrena, lan-kostu handiak eta soldata-handitzeak.