Elorregiko biribilgunearen azpitik pasako da bidegorri zati bat eta lan horiek biribilgunetik bertatik ere egin beharko dituztenez, zirkulazioa desbideratu egin beharko dute eta bide alternatiboa egokitzen dabiltza atzoz geroztik: lurra zulatzen, aglomeratua botatzen eta margotzen, eta seinaleztapena ere jarrita dago Oñati, Arrasate eta Bergaratik biribilgunerako errepide zatietan.
Bi fasetan
Ia 50 metro luze izango da lurpeko pasabidea eta bi fasetan egingo dute. Zatirik handiena bigarren fasean egingo dute, baina lehengoan harkaitz gehiagorekin topo egitea espero dutenez, antzerako denbora beharko dute baterako zein besterako; bataz beste, hilabete, faseetako bakoitza egiteko.
Otsailean barrena egingo dituzte lehen faseko lanak, eta irauten duten bitartean Arrasate-Bergara joan-etorria berdin-berdin egin ahal izango da, aldaketa bakarra izango da biribilguneko bi erreiak estutu egingo dituztela apur bat. Lanek eragin zuzena izango dute, ordea, Elorregi eta Oñatira arteko tartean: Oñatira joaterakoan, biribilgunea ezkerretarago egongo da, eta etortzerakoan bide zaharra hartu beharko da, Gurutze Gorriko anbulantziak dauden tokitik, ia Tavex-eraino. Edozein kasutan, zirkulazioa ez da moztuko.
Otsailean lehen fasea bukatuta, bigarrenari ekingo diote martxoan eta, lan horiek egin ahal izateko, zortzi moduko batean bihurtuko dute errotonda, Gurutze Gorriko anbulantziak dauden gune hori barne hartuta; eta orduan bide alternatibo hori Arrasate-Bergara ibilbidea egiteko ere hartuko beharko da.
Maiatzaren 8rako erabat gertu
Apirilerako biribilgunearen azpitik pasako den bidegorri zatia bukatuta egotea aurreikusten dute eta, behin hori eginda, argiztapena jartzea eta beste erremate batzuk egitea baino ez da faltako. Oñati-Arrasate bidegorria, osorik, maiatzaren 8rako egongo da gertu, hori da data ofiziala, baina eguraldiak lagunduz gero oso litekeena da apirilean bertan egotea amaituta. Irekiera eguna iritsitakoan, Oñatiko Zubillaga auzoaren eta Arrasateko Epele inguruaren artean dauden lau kilometro eta erdietan, bizikletan eta oinez, lasai eta eroso joan ahalko dira debagoiendarrak.
Lau kilometro eta erdi dituen bidegorri horrek guztiak 3,5 metro zabal izango du; bi metro bizikletendako, eta gainerakoa oinezkoendako. Bidearen tarterik handiena laua da.
Zubillaga-Oñati zatia
Zubillagatik Oñatira doan tartea, ostera, abendurako bukatuta izan behar zen, baina trazatua aldatzea erabaki zuten gero, eta martxorako izango da gertu. Hasierako asmoa zen Fagorren atzeko partetik pasatzea, baina gas hodiek arazoak sortu zituzten biribilgunean, eta gainera trazatua bera ere ez zela guztiz egokia iritzi zioten (%6tik gorako desnibela). Hala, sasoi baten tranbiarendako aurreikusitako ibilbidetik jotzea erabaki dute: biribilgunetik gasolindegi aurrera eta errepidea azpitik gurutzatuta Madalenako ermita aldera.