Bere markako hanburgesak ohi bezala saltzen jarraituko du Eroskik

Leire Kortabarria 2013ko urtarrilaren 30a

Eroskik bere markako hanburgesak saltzen jarraituko duela esan du; bestetik, behi-okela "soilik" dutela eta osasunerako arriskurik ez dutela esan du, hanburgesa horiek zaldi-okela zutela zioen txosten bati erantzunez.

Eroskiren markarekin saltzen diren hanburgesak Campofrioren Carnes Selectas filialak egindakoak dira, eta orain arte bezala salgai izango dira.

OCU kontsumitzaileen elkarteak hainbat hanburgesa-marka aztertu zituen eta txosten bat argitaratu zuen; besteak beste, Eroski markako hanburgesek zaldiaren DNA zutela esaten zuen. Eroskik erantzun du Eroski Basic markako hanburgesak ez direla "inolaz ere" osasunerako arriskutsuak.

OCUren txosten horretan, Eroski Basic hanburgesak kalitate "egokikoak" zirela ondorioztatzen zen. Denetara, 20 marka aztertu zituen OCUk.

Zaldi-okela arrastoak topatu izanari, honakoa erantzuten dio Eroskik: "Zaldi-DNA identifikatu da, dirudienez; horrek ez du esan nahi produktuak espezie horren okelarik ez duenik; arrazoia izan daiteke behi-okela lehengaia zaldi-okelarekin kontaktuan izan dela ekoizpen-prozesuan".

Carnes Selectasek emandako ziurtagiria erakutsi du Eroskik. Horren arabera, produktuak behi-okelarekin egindakoak dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak