Adegik eta nagusiendako egoitzek plazak eta lanpostuak sortzeko eskatu diote Foru Aldundiari

Leire Kortabarria 2013ko urtarrilaren 30a

Adegik eta Laresek, nagusiendako erresidentzien federazioak, erresidentzien lan-hitzarmeneko baldintza ekonomikoei eustea proposatu diete sindikatuei. Foru Aldundiak tarifak handituz ekartzeko gertu dagoen dirua egoitzetan plaza gehiago eta lanpostuak sortzeko erabiltzea ere proposatu dute. "100 plaza eta 60 lanpostu berri ekar litzake horrek", esan dute Adegik eta Laresek.

Atzo batzartu ziren Adegi, Lares eta egoitzetako langileen ordezkari sindikalak. Negoziazio-mahaiaren zenbait deialdi bertan behera geratu ziren, batzarren aldi berean kontzentrazioak deitu zituelako ELAk.

Adegik eta Laresek uste dute 100 plaza eta 60 lanpostu sortuko lituzkeela euren proposamenak, "eta hori, langileen baldintza ekonomikoak okertu barik; horrez gain, itxoite-zerrendak txikitu eta desagertu ere ahal izango lirateke".
 
Erreibindikazio horiek denek batera Foru Aldundiari aurkeztea ere proposatu dute. "Izan ere, lan-hitzarmen horren giltza Foru Aldundiak dauka, berak agintzen baititu hitzarmenaren baldintza ekonomikoak".  

Adegik eta Laresek azpimarratu dute proposatutako lan-hitzarmenak "Estatuko onena" izaten jarraitzen duela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak