Hasteko, atzo amaitu zen Munduko Eskubaloi Txapelketa. Kirol hori maite duenarendako ezinbesteko zita izan da, ezta?
Bai, noski. Nik behintzat partidu guztiak ikusi ditut. Gozatzeaz gain, partiduak analizatzea gustatzen zait eta ahal dudana ikasi, tendentzia berriak-eta. Txapelketako azken txanpari dagokionez, polita izan da ikustea final erdietara heldu diren taldeek estilo propioa dutela: Kroazia, Danimarka, Espainia eta Eslovenia.
Jokalari moduan zein izan zen zure ibilbidea?
Infantil mailan hasi nintzen Aloña Mendin, 13 urterekin. 25 bat urte nituenean utzi nion jokatzeari, taldea Lehen Nazional mailara igo genuenean. Ikasketek eta lanak behartu ninduten eskubaloia uztera, ez ziren bateragarriak.
Eta entrenatzaile moduan non aritu zara?
Aloña Mendin maila guztietan egon nintzen, infantiletatik senior mailara arte. Mutilekin zein neskekin aritu nintzen. Arrasaten iaz hasi nintzen, baina orduan entrenatzaile titulu nazionala ateratzen ari nintzen oraindik. Andoni Arandok deitu ninduen ea laguntzeko gertu egongo nintzen galdetzeko. Oraindik talderik zuzendu ezin nuenez, laguntzaile moduan hasi nintzen. Aurtengo denboraldirako, berriz, klubeko lau taldeen planifikazioa eramateko proposamena egin zidaten eta gustura hartu nuen.
Hori nahikoa ez, eta azkenean lehen taldea zuzentzen amaitu duzu.
Hala da. Esan beharra daukat printzipioz ez nuela asmorik talde konkretu bat zuzentzeko, ez zen hori nire ideia. Baina Ane [Herrero] kanpora joan behar zenez, urrian-edo berba egin genuen; laguntzeko nagoela ikusita, baiezkoa eman nuen.
Aurtengoa igoera lortzeko hirugarren saiakera dela jakinda, erantzukizun sentsaziorik al duzu?
Nire hasierako helburua klubeko talde guztiak hobetzea zen. Noski, orain Ford Mugarriko entrenatzailea ere banaiz eta taldearen helburua da mailaz igotzea. Egia esan, urrun ikusten dut igoera fase hori. Taldeak, indibidualki zein kolektiboki, ahalik eta maila onena ematea da nire helburua, eta lan handia dago bide horretan.
Entrenatzaile berria izateak izan al du eraginik taldean?
Ez dut uste nire etorrerak aldaketa handirik suposatu duenik. Entrenamenduak nik prestatzen nituen eta jokalari guztiak ezagutzen nituen aldez aurretik. Hori bai, aldaketa beharrezkoa dela uste dut eta saiatzen naiz aldaketa hori modu progresibo baten egiten.
Igoera fase bat zer den ondo dakizu, birritan bizi izan zenuen-eta jokalari moduan. Zeintzuk dira gakoak? Hirugarrengoan lortuko al da?
Taldea heldugabe ikusten dut igoera fase horri begira. Gakoen artean, ezinbestekoa ikusten dut defentsa hobetzea. Bestalde, taktikoki ere gabezia handiak ditugu. Bigarren sailkatua etorri zenean [urtarrilaren 19an], adibidez, hasieratik bukaerara oso kontrolatuta izan genuen partidua. Ez zen partidu erraza izan, baina ezta oso zaila ere. Arazoa da igoera fase baten Kataluniako edo Galiziako talde bat –iaz gertatu zen moduan– etorri eta ez duzula ezer egiterik.
Defentsa hobetzea diozu. Erasoan txukun, ezta?
Indibidualki bi edo hiru jokalari ditugu nabarmentzen direnak. Talde gutxi dira jokalari horiek gelditzeko gai; era berean, baina, talde moduan asko hobetu beharra daukagu erasoan.
Bestalde, askok diote igoera faseetan izugarri laguntzen duela etxean jokatzeak. Ados zaude?
Erabat. Esperientziak hala erakutsi dit: A Coruñan jokatu nuen lehen igoera fasea eta etxeko taldeak lortu zuen igoera. Bigarren igoera fasea, berriz, Oñatin jokatu genuen eta guk irabazi genuen. Ford Mugarriren kasuan ere berdina gertatu da azken bi urteetan, etxeko taldea garaile. Publikoa, epaileak alde izatea... faktore asko dira. Izan ere epaileek zerikusi handia dute; horrekin ez dut esan nahi txarrak direnik.
Nola aukeratzen da non jokatu?
Espainiako Federazioak aukera eskaintzen du fase hori antolatu gura duenari aurrekontua bidal dezan. Diru kopuru bat eskatzen dute eta horra gu ez gara heldu izan orain arte. Era berean, igoera fase bat etxean antolatzeak kostu batzuk ditu. Ez dakidana zer izango den garestiagoa: kostu horiek gure gain hartu edo kanpora joatea. Aurten, iaz moduan, klubari eskatu diot fasea hemen antolatzeko. Ez dezaket esan erabakigarria denik, baina bai puntu asko irabaziko ditugula mailaz igo ahal izateko.
Zure ardura, baina, taldea ondo prestatzea da. Jokalariak ondo ari dira erantzuten?
Orokorrean bai. Kontua da nire entrenamenduetarako metodoa nahiko ezberdina dela. Profesionaltasun prisma batetik begiratzen ditut eguneroko entrenamenduak. Hala ikusten dut edo hala erakutsi didate ikusten. Taldearekin egokitzapen prozesu baten nagoela esango nuke. Ez da nik nahi dudana eta ezta jokalariek nahi dutena ere; erdibidean gaude. Ni taldera egokitu behar naiz eta noski, era berean, taldea niri ere bai. Prozesu horrek denbora eskatzen du.
Igoera fasea urrun dagoela diozu. Zergatik?
Eguneroko lana baloratzea gustatzen zait. Sailkapena begiratuz edo beste taldeei galdetuz gero, esango dizute ez dutela zalantzarik: Ford Mugarrik eta Askartzak jokatuko dute igoera fasea. Nik, egia esan, sailkapenari gutxi begiratzen diot.