Diputazioak gaur prentsaurrean emandako azalpenen arabera, "Lurraldebus txartel arrunta dutenek, 18 urtetik beherako gazte eta ezinduek, eta sozialek ez dute ezer egin beharko. 18 urtetik gorako gazte eta ezinduek, eta adinduek errenta irizpidea betetzen duten egiaztatu behar dute. 5 urtetik 10 urtera bitarteko haurrek Mugi txartela erabiliko dute martxoaren 4tik aurrera".
Sozialak
Xehetasunetan sartuta, sozialen barruan honako hauek sartzen dira: Txartel Soziala dutenak, Familia ugari txartela dutenak, eta 18 urtetik behera izan eta Gazteak txartela edo Ezindu txartela dutenak.
Bada horiek guztiek ez dute ezer egin beharrik izango.
Errenta irizpideak
Hori bai, "18 urtetik gorako gazte eta ezinduek, eta adinduek errenta irizpidea betetzen duten egiaztatu behar dute"; izan ere, "errenta irizpidea betetzen ez badute, ez dira gaur egunera arteko taldeko kide izango, orain arteko Lurraldebusen txartel kolektiboak ez du balioko beraien kasuan, eta Mugi arrunta atera beharko dute. (Ez badute lehendik Lurraldebus txartel arrunta)".
Errenta irizpidea honakoa da: zerga oinarria ez izatea IPREM (Ondorio Askotariko Errenta Adierazpen Publikoa) x 2,5. baino handiagoa: 15.975,32 euro. Hori betetzea beharrezkoa izango da "Lurraldebus txartel kolektiboa erabiltzen jarraitzeko".
0-5 urtekoek doan; gainontzekoek, Mugi
Haurrei dagokienez, berriz, Haurrak txartela desagertu egingo da; beraz, "une honetan Haurrak txartela duten 5 urtetik 10 urtera arteko haurrek Mugi Gaztea atera beharko dute. 5-25 urte bitarterako balio du txartel horrek. 0-5 adin tartean bidaiatzea doan izango da".
Gutunak etxera
Dena dela, horren guztiaren berri emateko, Gipuzkoako Foru Aldundiak "aste honetan" gutunak bidaliko dizkie Lurraldebuseko erabiltzaile guztiei. "Aldaketaren bat egin behar duen erabiltzaileek gutunean bertan jasoko du egin behar denaren berri. Inprimakiak eta gutun-azala bidaliko zaizkio informazioa bete eta itzultzeko", kontatu du Unai Erroitzenea Foru Aldundiko Mugikortasuneko zuzendariak. Horrekin batera, iragarri du "ohiko salmenta puntuetan eta interneten ere eskuragarri" izango direla inprimakiok.
Bukatzeko, datu bat eman du: "324.000 erabiltzaile desberdin ditu Lurraldebusek gaur egun, eta horietatik 125.000 talde berezietakoak dira".
Informazio gehiago Gipuzkoako Foru Aldundiaren web orrian.