Iñake Irastortza: "Erroma inguruan ikusiko nituzke atsuak, eskiatzen ere bai"

Txomin Madina Milikua 2013ko urtarrilaren 31

Maikarmen dugu aspaldion, Maikruxekin Euskal Herriko atsorik ezagunena. Datozen hilabeteotan agertokietan ere ikusiko dugu, Emaztegaiaren semea filmaren egokitzapenean.

1. Atsuak hurbiltzen dabiltza; zenbatek jartzen du beldur aurpegia? 

Ez dira askorik beldurtzen; grazia ere egiten die, eta beldurra baino gehiago, urduri zaudeneko irribarreak egiten ditu. Ondo hartzen gaituzte, ezin gara kexatu.

2. Askori kostako zaio Maikarmenen azpian zu zaudela asmatzea.

Uste dut baietz, baina beste batzuek badakite neu naizela. Ile-apaintzaile eta makillatzaileek dagoeneko automatizatuta duten arren, denbora behar da karakterizatzeko; Anjelek nik baino gehiago.

3. Anjel Alkainekin kimika nabarmena da. Bat-batean sortzen da ala denborarekin lortzen da?

Beti izan dugu kimika ona; urteak dira elkarrekin hainbat lanetan, ondo elkar ulertzen dugu. Inprobisazioa? Dezente dago, ez dakizu-eta kalean zer aurkituko duzun; baina atzean beti dago gidoia.

4. Hitzordu garrantzitsuetan ikusi ditugu atsuak. Zuk zeuk nora bidaliko zenituzke?

Erroma inguruan ikusiko nituzke, Vatikanoan-eta  ea  zer egiten duten; eskiatzen ere bai... Gaurko munduan bizi dira, eta, nahiz eta euren ateraldiak diren modukoak izan, edozein lekutan ikusiko nituzke.

5.  Eta kalean, benetako atsuekin topo egitean, zer esaten dizuete?

Polita izaten da, lagun gisa ere hartzen gaituzte. Barre egiten dute eta euren ahotik ere hartzen ditugu pertsonaiek esango lituzketenak. 

6. Bukatu da lan jarduna. Maikarmen zurekin al doa etxera?

Ez. Asko jolasten naiz berarekin, baina ez dut etxera ekartzeko beste maite. Jakin behar da lana amaitzean pertsonaia alboan uzten, bestela erotuko ginateke-eta!

7.  Antzerkia ez duzu ahaztu. Orain, Emaztegaiaren semea-n.

Otsailaren 1ean estreinatzen dugu, Tolosan. Urduri nengoen: pelikulan, aktoreak lehen mailakoak ziren eta hain ondo zeuden... Baina uste dut egokitzapena oso polita dela eta aktoreon lana ondo dagoela. 

8. Zer eskatzen diozu pertsonaia bati?

Denek dituzte erakargarritasun ezberdinak. Hasteko, pertsonaia nondik hartu pentsatzen duzu. Berezitasunak bilatu behar dizkiozu; izugarri betetzen nau horrek.

9. Adin batetik aurrera, Hollywooden zaila omen da emakumeendako paperak lortzea. Hemen?

Matxismoa hemen ere bada.Guretzat lan gutxiago dago; adin batetik aurrera, are gutxiago. Antzerkian edo zineman 60 urteko gizonak 30eko bikotekideekin agertzen dira; alderantziz, ez. Ondorengoentzat aldatuko dira gauzak, guretzat ez.

10. Inoiz planteatu duzu ikastolako irakasle izatera itzultzea?

Aktore izatea zer zen ikertzeko utzi nuen, ez gustatzeagatik. Zaila ikusten dut bueltatzea, baina... Antzerki klaseak eman izan ditut, eta oso gustura, gainera.

-----------------

Makila magikoa baneuka: "Bilduko nituzko eskularru zuriko lapur nazkagarri guztiak, politikari ustelak, banku, multinazional eta zenbait enpresa eta eurak bakarrik salbatuz gizadi osoa desesperazio eta miseriara eroatearren diru-jausi itzela botako nieke gainera: dirua bakarrik uki eta usain dezatela eta hainbeste maite duten diru-hautsa arnastuz buka dezatela".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak