Aretxabaleta izaten da Debagoieneko Aratusteetako erakargune handiena, eta ospe horri eusteko asmoa dute hango gazteek eta helduek. Hori horrela izanda ere, aretxabaletarrak ere denboraz larriago dabiltza, Mikel Alberdi gazteak dioskun bezala: "Aurten denboraz estuago gabiltza, bai. Gabonak eta oporrak, azterketak… fetxak ez dira aurten oso ondo tokatu. Serio lanean, aurreko astean edo bi aste lehenago hasten gara".
Ingeniariak, peoiak…
Karrozak ondo egitea lan handia da. Horregatik, Aretxabaletako koadrilek lanak banatzen dituzte: ingeniariak dira batzuk, peoiak beste batzuk, diruzainak ere beharrezkoak dira… Diruzainen zeregina ere oso garrantzitsua da; izan ere, Mikel Alberdik dioenez, "500, 600 euro, iaz 700… Asko kostatzen da karroza egitea". Eta, geor, denek aktore lanak egin behar dituzte, izan ere, "antzezpena ere oso garrantzitsua da; paperean sartu behar zara", Alberdiren esanetan.
Azken momentura arte gordeko du koadrila bakoitzak bere mozorroaren sekretua: "Aretxabaletan, Aratusteak erlijio bat modukoa dira, eta horren zati bat da mozorroa inori ez kontatzea".
Emaitzak merezi du
Dedikazio horrekin, aretxabaletarrek argi dute ez dutela lehiakiderik: "Sentitzen dut, baina Arrasate ez da konpetentzia. Kopiak inoiz ez dira jatorrizkoak baino hobeak. Aretxabaletan Maritxu Kajoi egitea bezala izango litzateke: ez da gauza bera", zirikatzen ditu arrasatearrak Mikel Alberdik.
Ez dago ados Arrasateko Azkenpote koadrila: "Arrasateko Aratusteak, azken urte hauetan, oso gogor dabiltza; urtetik urtera, karrozak hobeak dira. Ez dakit Aretxabaletako parera gauden, baina oso gutxi falta zaigu". Eta hauxe gaineratzen dute: "Badakigu zaila dela eta ahalegin handia egin behar dela karroza egiteko, baina gero, emaitza ikusten duzunean… merezi du".
Azkenpote koadrilakoek ez dituzte lanak banatzen, baizik eta "hierarkia lau" gisa dihardute: "Denok laguntzen dugu, denok ematen ditugu ideiak… Ez dago jeferik". Diruzainik ere ez dute: "Nork bere diruarekin ordaintzen du, eta gero, azken egunean, kontuak egiten ditugu". Ez dute Aretxabaletakoen moduko aurrekontu potolorik: "Gutxiago ipiniko dugu: karrozaren plataforma betikoa da, ez genuen ezer ordaindu, geuk egindakoa da; eta gero, zer asmatu dugun arabera, apaindu bakarrik egiten dugu".
Arrasaten ere giltzapean gordetzen dute koadrilek mozorroaren edo karrozaren sekretua, baina lagun-talde horrek pista bat eman digu: "Musika gustatzen zaionari, ikus dezala".
160 kiloko sardinatzarra
Arrasatearrek badute ohiko bihurtu den beste elementu bat: Aratusteak bukatzeko, sardina erreko dute. Egurrezko, kartoizko eta paperezko sardina hori egiteko, egunero, goiz osoan, SUDCeko hiruzpalau kide ibiltzen dira. Andoni Altzelai da horietako bat eta, bere hitzetan, "erretiratuak gara eta pozik ibiltzen gara". Lana musu-truk egiten dute, eta Aratuste-martitzenean eurek eroango dute bizkar gainean: "Alde bakoitzean sei lagun ipintzen gara. 160 bat kilo hartzen ditu sardinak, azkenean", dio Altzelaik.
Hartza, Antzuolan dantzan
Antzuolan ere, pertsonaia ezagunak bueltatuko dira Aratusteak alaitzera: hartza, tximinoa eta domadorea kalerik kale ibiliko dira Aratuste-domekan, eta plazako dantza emanaldian ere izango dira, Oinarin dantza taldekoekin eta beste herritar batzuekin.
-----------------
Estreinaldia izango dute Oñatin
Oñatin, Aratuste ospakizun berriak sortu dituzte. Europako ospakizunek dituzten elementu komunak hartuta, arropa, musika, dantza eta pertsonaiak sortu dituzte Oñatzeko dantzari eta dantzari ohiek, musikariek eta hainbat norbanakok. Azken urteotan Luzaideko Inauteri dantzarekin egin den moduan, aurten ere hainbat oñatiarrek parte hartuko dute. Informazio eguneratua Facebook-en ipintzen dute (www.facebook.com/onatiko.inauteriak.9).



