Korrikan presoen argazkiak eramatearren, kartzela zigor eskaera

Ubane Madera 2013ko urtarrilaren 28a

Bergarako hiru lagunek (Amaia Osa, Sebas Etxeberria, eta Inaxio Manuel) eta arrasatear batek (Joseba Garitaonaindia) epaiketarako zitazioa dute Madrilen, Audientzia Nazionalean otsailaren 4an, astelehena, 10:00etan. Arrazoia: orain dela bi urteko Korrikan presoen argazkiak eramatea. Gaur, astelehena, hori salatzeko prentsaurreko "jendetsua" egingo dute Bergaran, 19:00etan, Irizar jauregian. 

Akusazioak 15 hilabeteko kartzela zigorra eta zortzi urteko inhabilitazioa eskatzen du lau lagunondako, akusazioaren arabera, “terrorismoa goraipatzea” egotzita. "Lasai gaude, abokatuak esan digulako ezin dugula gauza handirik egin. Gure ustez ez da kasualitatea aurtengo Korrika hasi baino hilabete lehenago izatea epaiketa. Uste dugu sententzia ere Korrika hasi baino apurtxo bat lehenago aterako dela, helburua izango delako mezua zabaltzea aurten presoen argazkirik inork ez ateratzeko", adierazi du Iñaki Manuelek, inputatuetako batek.

Mobilizazioak

Bada, epaiketa salatzeko, hemendik eta epaiketa izan arte protesta ekimenak egingo dituzte Bergaran eta Arrasaten: gaur bertan, prentsaurreko "jendetsua" iragarri dute Bergarako Irizar jauregian, 19:00etan. Horren ostean, Bergarako plenora joango dira, 19:30ean, eta mozioa aurkeztuko dute, Bergarako Udal gobernuaren babesa eskatzeko.

Gero, otsailaren 2an (zapatua) manifestazioa egingo dute Bergaran, 19:00etan San Martin plazatik aterata. Eta lehenago, otsailaren 1ean bertso saioa egin nahi dute, hori ere Bergaran, Zabalotegi aretoan, Alaia Martin, Unai Gaztelumendi, Miren Amuriza eta Aitzol Barandiaran bertsolariekin, 22:00etan. Arrasaten, berriz, alderdi politikoekin egoteko asmoa dute.

Aurrekariak

 

Edozelan ere, orain epaiketa duten arren, lau lagun horiek eta beste bi (Ibai Redondo eta Unai Arantzabal bergararrak) lehenago ere egonda daude Audientzia Nazionalean. Iazko azaroaren 30ean, hain justu ere. Izan ere, hasiera batean sei lagunen kontrako zitazioa bideratu zuen Ertzaintzak, Korrikan euren partaidetza erakusten zuten argazki eta guzti.

Audientzia Nazionalean bista orala izan zuten seirok, Pablo Ruz epailearen aurrean. Eta guztiek onartu egin zuten Korrikan parte hartu izana, presoen argazkiak eramanez. “Gainontzeko galderei ez genien erantzun”, kontatu du Arantzabalek.

Ahozko ikustaldiaren ostean, inputatutako sei lagunetatik lauk epaiketarako zitazioa jaso zuten orain pare bat aste, eta Arantzabal eta Redondo, berriz, prozesutik libre utzi ditu epaileak, Ertzaintzak aurkeztutako argazkiak eta euren nortasun agirietan datozenak ez direlako “erabat berdinak”.

"Elkartasuna ez da delitua"

 

Bukatzeko, Unai Arantzabalek argi utzi gura izan du "momentuko protagonistak presoak" direla, eta "elkartasuna adieraztea ez dela delitua".  

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak