15.000 gipuzkoarrek jaso dute autobideetan jarritako 25 euroko gehieneko mugaren onura abenduan

Goiatz Arana Begiristain 2013ko urtarrilaren 24a

Herritarrek harrera ona egin diote neurri berriari, Gipuzkoako Foru Aldundiaren ustez. VIA-T deskontudunen eskaerak gora egin du, eta azken lau hilabeteetako erabiltzaile berrien artean, lautik bat izan da neurri berriaren onuradun.

Gipuzkoako autobideetan gehienez 25 euro ordaintzeko neurria indarrean jarri zen joan den abenduaren 1ean, eta lehen balantzea egin du Gipuzkoako Foru Aldundiak Bidegirekin batera. Larraitz Ugarte Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretako diputatuak eta Katty Nevado Bidegiko zuzendari nagusiak egin dute lehen balantzea.

Larraitz Ugartek nabarmendu du garai hauetan murrizketak eta halakoak besterik entzuten ez diren garaian, horrelako neurri bat albiste ona dela: "Lehen balantzeak erakusten digu jendeak harrera ona egin diola neurriari, eta guk uste bezala ia 15.000 erabiltzailek jaso dute 25 euroko gehieneko neurri horren onura Eta VIA-T berriak egin dituztenen kasuan, azken lau hilabeteetako datuak begiratuz gero, erabiltzaile berri horietatik lautik batek jaso du 25 euroko gehienekoaren onura".

Urtez urte, VIA-T deskontudunen bilakaera goranzkoa da: 2009a 59.225ekin hasi eta 2012a 76.555ekin amaitu da. Azken hilabeteetako datuei dagokienez, 2012ko abenduan ia bikoiztu egin da 2011ko abenduko eskaera kopurua; azkenekoan, 1.218 izan dira.

VIA-T deskontuduna duten guztietatik 14.796 erabiltzaile izan dira 25 euroen muga horretara iritsi direnak eta, beraz, deskontua jaso dutenak. Onuradun horiek jaso duten diru kopurua 192.325 eurokoa da, hori da itzuli zaien diru kantitatea.

"Gipuzkoar gehiago autobideetan"

Azkenik, herrietako datu batzuk ere eman dituzte, azken hiru hilabeteetan egin diren VIA-T eskaeren kopurua erakusteko: "Datu hauetan ikusi duguna da autobideen inguruan kokatzen diren herrietan mugimendu gehiago izan dela eskaeren kopuruari dagokionez".

Neurri honekin gipuzkoar askorengana iritsi dira, Larraitz Ugarte diputatuak esan duenez. 15.000 gipuzkoarrek jaso dute onura hori, eta hori ona dela uste dutela azaldu du: "Langile klasea autopistaren gatibu da eta neurri hau, ondorioz, hainbat familiarentzat onuragarria da". Era berean, esan du uste dutela neurriaren ondorioz gipuzkoar gehiago animatu direla autobideak erabiltzera: "Seguruenik, pertsona horiek lehen beste bide batzuk erabiltzen zituzten, baina orain, 25 euroko kopuru horri aurre egiteko modua dute eta autobideak erabiltzeko joera handitu egin da".

Itxaron egin beharko da balantze zehatzagoa egiteko, baina oraingoz aurreikusitako datuak dira, Larraitz Ugarteren hitzetan. Nevadok, bere aldetik, azpimarratu du abenduko datuak ez direla izaten adierazgarrienak, zirkulazioa desberdina izaten delako oporrak tarteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak