Goiena.net da, zalantzarik barik, urtetik urtera hazi eta hazi doan Goienaren hedabidea. Gaur, egun batez beste, 5.000 lagunek jarraitzen dute, egunero, astelehenetik egubakoitzera eta 3.000 lagunek zapatuetan eta domeketan.
2011ko datuekiko, %20,81 egin du gora bisita kopuruak eta, bisitari bakarrenak, %12,61. Datu esanguratsua, iaz urte osoan, milioi bat bisitarien mugan geratu bazen ere Goiena.net, aurten, aise gainditu du kopuru hori: 1.207.900 bisita izan ditu urte osoan.
Albiste bisitatuena, maiatzaren 11n, egubakoitza, Arrasateko Gesalibar auzoko Aldape baserrian izandako ezbeharra izan zen: bi lagun hil ziren eta hirugarren bat larri zauritu. 8.884 bisita izan zituen albiste horrek. Zintzilikatutako bideoetako bat, 1.165 aldiz ikusi zen.
Horretaz gain, "errugabea" zela aldarrikatzeko Bergaran garabi baten gainera igo zen gizonezkoaren gaineko berriek eragin zuten horren ondotik bisita gehien. Lau egunez albiste oso bisitatua izan zen: irailak 24 (astelehena), 7.483; irailak 25 (martitzena), 6.655; irailak 26 (eguaztena), 6.642; eta irailak 27 (eguena), 6.133.
Hirugarren lekuan, hauteskunde biharamunean jaso zuen bisitari gehien Goiena.net-ek: 5.537.

Goiena papera, irakurriena eta erreferente nagusia
Bestalde, Goiena paperak sendotu egin du bere nagusitasuna Debagoienean. Askogatik da hedabiderik jarraituena gure eskualdean, erreferentzia nagusia. 26.000 irakurle ditu astero, iaz bezala; hortaz, papereko euskarriek eta egunkari nagusiek erakusten duten beheranzko joeratik aparte geratzen da. Irakurle fidelak dituen seinale.
CIES ikerketa etxeak emandako datuak dira hauek guztiak.
Gure eskualdean, gehien irakurtzen den bigarren papereko euskarria El Diario Vasco da eta 15.000 irakurle ditu. Ondoren datoz, Gara (5.000), Berria (3.000), Marca (3.000) eta Noticias de Gipuzkoa (2.000).
Paperekoen artean ez ezik, beste era bateko hedabideen artean ere nagusitasun osoa du Goiena paperekoak gure eskualdean. Esaterako, telebistarik ikusiena ETB2 da Debagoienean, 19.000 ikus-entzulerekin.
Gipuzkoan, bestalde, 31.000 irakurle ditu Goiena paperekoak. Gure eskualdean ez ezik, lurraldeko beste toki batzuetara ere banatzen eta irakurtzen baita. Laugarren papereko irakurriena da, El Diario Vasco (260.000), Hitza (64.000) eta Gara-ren atzetik (40.000) eta Berria-ren parean (31.000).

Goiena telebista, ikus-entzule fidelak
Goiena telebistak, bere aldetik, beste behin erakutsi du ikus-entzule fidelak dituela, CIESen arabera. Datuek erakusten dute, telebisten arteko audientzia-gerraren eta telebista eskaintza ugariaren gainetik, gertuen ditugun kontuak euskaraz jasotzeko jakin-mina badagoela gure eskualdean eta horren bila Goiena telebistara ohi doaz ikus-entzuleak. Hala, azken urteotako joerari eutsiz, 7.000 lagunek ikusten dute egunero Goiena telebista Debagoienean eta 10.000 lagunek Gipuzkoa osoa kontuan hartuta.
Gure eskualdean seigarren telebistarik ikusiena Cuatro (6.000), La Sexta (4.000) edo TVE2ren (2.000) aurretik eta TVE1 (9.000), Antena 3 (8.000) eta ETB1 (8.000) kateetatik oso gertu. ETB2 (19.000) eta Telecinco (14.000) dira ikusienak geurean, Gipuzkoa osoan bezalaxe.
Bestalde, euskarazko tokiko telebisten artean, Goiena da nagusi. Esan bezala, 10.000 lagunek ikusten dute egunero Goiena telebista, Hamaika (9.000), Goierri (5.000), 28 Kanala (4.000) eta Erlo (2.000) kateen aurretik.
Eta beste datu esanguratsu bat: 30.000 ikus-entzule dituzte, guztira, Gipuzkoako euskarazko tokiko telebistek, Teledonosti (20.000) eta TVE2 baino gehiago (28.000).
Eskerrik asko!
Goienak eskerrak eman nahi dizkie irakurle, ikus-entzule eta erabiltzaileei, baita Goienako hedabideak horren jarraituak izateko Goienako lan taldearekin batera, modu batera zein bestera, ari diren dozenaka kolaboratzaileei ere.
Aipatzea merezi du, era berean, Aztiker enpresak 2012ko udaberrian Goienako hedabideen gainean azterketa egin zuela eta haren arabera, debagoiendarren ustez, Goiena beharrezkoa edo oso beharrezkoa da (herritarren %97,8aren iritziz) eta, era berean, Goienako hedabideak pluralak dira (herritarren %72ren ustez).