LAB sindikatuak bertako instituzioen hitza eta erabakia aldarrikatu ditu

Goiatz Arana Begiristain 2013ko urtarrilaren 24a

Debarroko LAB sindikatua Eibarko udaletxearen aurreko aldean mobilizatu da gaur, eguena, eguerdian, sektore publikoko langileen eskubideak eta lan-baldintzak defendatzeko. 'Espainiaren inposizioen aurrean, bertoko instituzioek hitza eta erabakia!' lelopean, udal eta aldundiei, eta horiek gobernatzen dituzten alderdiei, instituzio horietako langileen eskubideak irmoki defendi ditzatela eskatu diete.

Horrekin batera, eskatu diete PPko gobernuarengandik etor daitezkeen erasoei gogor aurre egiteko, zituzten lan-baldintzak berreskuratuz, eta bide horretan, "ezinbestekoa" den Euskal Herriaren eta bere instituzioen erabakitze-ahalmena aldarrika dezatela.

Sektore publikoko langileak, udal eta mankomunitateetakoak barne, eskubide zein lan-baldintzen etengabeko murrizketak eta enplegu publikoaren galera jasaten ari direla salatu dute: "Lan eskaintza publiko berrien eta langileen ordezkapenen debekua, elkarkidetzaren ekarpenenak bertan behera uztea, lanaldiaren luzapena, lan-bajen kasuetan lansariak jaistea, opor eta baimen egunak galtzea, soldaten jaitsierak (azken adibidea, abenduko aparteko lansaria galtzea), eskubide sindikalen mugapena…".

Foru- eta toki-instituzioek modu ezberdinetan jardun dutela eta, ondorioz, udal eta foru sektoreko langileen lan-baldintzak desberdinak direla azaldu dute, eta horri gehitu diote Madrilgo gobernuak iragarri dituen neurri berrien aurrean "babesgabetasun eta ziurgabetasun" egoeran daudela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak