Bergara utzita, hegan joango da Peter Pan Elgetara

Zuriñe Velez de Mendizabal 2013ko urtarrilaren 23a

Otsailaren 2an eskainiko dute Peter Pan ikuskizuna Elgetan. Espaloiak hartuko du Bergaran arrakastaz estreinatu zen musikala, eta bi emanaldi eskainiko dituzte, gainera.

Peter Pan ikuskizunak jaioterria utzita Elgetan hartuko du lur datorren otsailaren 2an. Bi emanaldi eskainiko dituzte, 16:00etan eta 19:30ean. "Zergatik Elgeta? Betidanik eduki dugulako harreman ona Espaloiko jendearekin". Hala esan digu Karlos Etxaniz, Pikupeko kideak.

Hain zuzen ere, Pikupek Bergaran duen lokalean prentsaurrekoa eskaini dute Elgetako emanaldia aurkezteko. Etxanizek ikuskizuna produzitzeaz gainera, aktore bezala jarduten du Peter Panen. "Aktore bezala, zorte handia da Bergaratik kanpo aritzea. Eta nik bezala, taldekide guztiok pentsatzen dugu hori".

Larraitz Zeberiok Espaloiaren izenean egin du berba. "Euskarazko ikuskizuna da Peter Pan, eta herrigintzatik asko dauka. Beraz primeran egokitzen da Espaloiaren filosofiara". Gaineratu duenez, Espaloiak musikal bat hartzen duen lehengo aldia izango da. "Beraz, Peter Pan egiten dutenentzat herritik kanpo aritzea saltoa bada, guretzako ere berdin".

Leku berria, oholtza berria

Aurreneko begiradan Espaloiko oholtzak halako ikuskizun batentzat txikia dirudien arren, antolatzaileek adierazi dutenez ez da horrela, eta "gauza gutxi" aldatuko dituztela adierazi dute: "Eszenatokian dekoratu aldetik zerbait gutxiago egongo da, baina bestela Bergarako emanaldiaren antzera".

Orkestrak ere zuzenean joko du. "Ezohiko toki batetan egongo da. Han ez dago fosorik, eta publikoari ere bitxia egingo zaio musikariak ikustea".

Peter Pan egiten duten guzti-guztiak ilusioz beteta daude. "Gainera, emanaldiz emanaldi hazi egin dira aktoreak, eta hori nabarituko dute ikusleek. Beraz, animatu Elgetara". Dagoeneko sarrerak salgai daude Pikupeko bulegoan, Bergarako Musika Eskolan, Espaloian eta Espaloiko webgunean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak