Anger 'Hirugarren azala' disko berriarekin zapatuan Eskoriatzan

Goiatz Arana Begiristain 2013ko urtarrilaren 23a

Arrasateko laukotearen bosgarren lana da 'Hirugarren azala' eta (auto)kritika egiten dio gizarteari eta gizakiari, norberaren askatasuna lantzen hastea aldarrikatuz; taldeak Bonberenea Ekintzakekin elkarlanean kaleratu du lana. Arrasaten, Tolosan eta Gasteizen aurkeztu eta gero, zapatuan Eskoriatzako Inkernu tabernan eskainiko du kontzertua.

Anger - pentotal sodikoa

Mutikoak zirela metal eta hardcorearen eremuetan sortutako taldeak ibilbide luzea egin du ordutik, eta aspalditxo post-hardcorearen ur zabaletan murgildu ziren. Oraingoan, metal astun eta bortitzenarekin topo egin dute, baita stoner lehorrarekin, pop-arekin, El Corazón del Saporen irudimen borrokalariarekin, At The Drive In eta enparauen erritmo festa zoroenarekin, hip-hoparekin, rockarekin eta dantzatzeko musikarekin, besteak beste.

Bizi ditugun sasoiak bezalaxe, taldearen proposamena are gordinagoa eta oldarkorragoa da, musikan eta baita hitzetan ere. Kantuen oinarria orain arteko indartsuena da, nahiz eta kantu bakoitzak, bere baitan, aldaketa zein garapen handiak dituen.

Oiartzungo Portugal Txiki baserrian, Josema Linazasororekin, inoiz baino gehiago esperimentatu dute eta baita emaitza mimatu ere.

Aurkezpen kontzertuak

Urtarrilaren 4an Arrasateko Gaztetxean, 18an Tolosako Bonberenean eta 19an Gasteizko Gaztetxean aurkeztu eta gero, zapatuan Eskoriatzako Inkernu tabernan eskainiko dute diskoaren aurkezpen-kontzertua. Otsailaren 2an, Irunen dute hitzordua; eta 15ean, Bergarako Gaztetxean, Tooth-ekin batera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak