Eskualdeko langabeek lehentasuna izango dute GI-632 errepideko lan kontratazioan

Goiatz Arana Begiristain 2013ko urtarrilaren 24a

Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean aritu dira Urretxu, Legazpi, Antzuola eta Bergarako udalak, eta lanak egin behar dituen enpresaren aldetik konpromisoa lortu dute: kontratazio berriak egin behar izanez gero, sektore horretako eskualdeko langabeek hautaketa prozesuan parte hartuko dute. Zabalik dago izena emateko epea lau udaletan.

Bergarako udaletxean egin zuten agerraldia atzo, eguaztena, Urretxuko (Oihane Zabaleta), Legazpiko (Kepa Urzelai), Antzuolako (Inma Beristain) eta Bergarako (Jesus Mari Elortza) alkateek, eta Larraitz Ugarte Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretako foru diputatuak.

GI-632 errepideko lanak zati batean egiten ari dira, eta azken zatia hastear da. Obra horretan sortuko diren lan beharrei begira, udalek ekimena jarri dute martxan bertako langabetuekin zerrendak osatuz; Antzuola, Bergara, Urretxu eta Legazpiko udalek jarri dute martxan ekimen hori, Moyua eta Antzibar enpresetako ordezkariekin hitz egin ondoren.

Gai honetan, udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundia, hasieratik, modu koordinatuan aritu direla lanean azpimarratu zuen Oihane Zabaleta Urretxuko alkateak: "Eskualdean errepidea eraikitzeko lanak egingo zirela jakin genuenean, enpresekin harremanetan jarri ginen gure aldetik, baina Gipuzkoako Foru Aldundiak ere berehala azaldu zuen gaiari heltzeko interesa, Mugikortasun eta Bide Azpiegituretako departamentuaren bidez. Zenbait bilera egin genituen eta bilera haietatik sortu zen ideia hau. Lanek luze iraungo dute, eta eskualdeko langabetuei aukera bat emateko modua zela pentsatu genuen".

Izena emateko epea zabalik

Jesus Mari Elortza Bergarako alkateak azaldu zuen udalek martxan jarri duten ekimena zertan den: lau udal horietako bakoitzean izena emateko aukera dago, eta eskatzen dutena da eraikuntza lanetan esperientzia eta gida baimena izatea, eta euskara edota gaztelania menperatzen dituzten adieraztea. Aipatutako herrietako langabetuek izena eman ahal izango dute hautagai gisa Moyua eta Antzibar enpresek langileak kontratatzeko egingo duten hautaketa prozesuan.

Izena emateko, aipatu udaletxeetako sarreran lan inprimakiak bete beharko dira. Bergara eta Antzuolako kasuetan, urtarrilaren 18an hasi ziren izenak jasotzen, eta otsailaren 2ra arte jarraituko dute. 09:00-13:30 ordutegian joan behar da izena ematera. Urretxu eta Legazpiren kasuan urtarrilaren 24tik otsailaren 2ra irekiko dute izena ematea; horietan ere udaletxean bete behar dira inprimakiak goizeko ordutegian.

Udalek jasotzen dituzten inprimaki guztiak Moyua eta Antzibar enpresei bideratuko dizkiete, baina udalek ez dute hautaketa prozesuan parte hartuko.

Gauzak "beste modu batean" egiteko asmoa

Larraitz Ugarte Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretako diputatuak esan zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak hasieratik azaldu duela obra honetan gauzak beste modu batera egiteko asmoa: "Hori dela-eta, enpresekin hitz egin dugu hasieratik, lanak lehiaketa publikora atera aurretik jada zenbait bilera egin genituen enpresa ezberdinekin, eta obrak egin behar diren eskualdean lana sustatzeak guretzat duen garrantzia adierazi genien. Enpresa batzuk ahalegina egin zuten konpromiso hori hartzeko, eta lehiaketara aurkeztu aurretik, jada, konpromiso hori idatziz jasota geratu zen zenbait udalekin eginiko bileren ondoren. Moyua eta Antzibar izan zen enpresa horietako bat, eta berak irabazi du lehiaketa. Lehenik eta behin enpresako langileen egonkortasuna bermatuko dutela esan du enpresak, baina langileak behar izanez gero, bailarakoek lehentasuna izango dutela".

"Onuraren bat ere ekartzea"

Azaldu zuenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak, garai ekonomiko zail hauetan, bertako enplegua sustatzearen aldeko apustua egiten du, eta hori da enpresa hauek hartutako konpromisoa, hain justu, bere hitzetan: "Halako lanek ingurunean eragin handia izaten dute, baina askotan ez dute onura handirik uzten, eta guk nahi genuen lan honek, eskualdean eragin handia izango duen honek, bailarako herrientzat onuraren bat ere ekartzea, eta bertako langabetuei lanerako aukera ematea positiboa dela uste dugu. Gainera, azpikontratazioak sortzen duen eremu iluna ekiditeko modua ere bada. Enpresak bere langileekin ez badu nahikoa, ez du beste enpresa bat azpikontratatu beharrik, zerrenda horretara jo, eta eskualdeko langileak hartuko ditu".

Eguaztenean, Antzuolan

GI-632 errepideko lanak erakusten dituen maketa Bergarako udaletxean dago ikusgai, eta han izango da astelehenera arte. Egun horretan Antzuolara eramango dute, hango udaletxeko pleno aretora.

Datorren eguaztenean, herritarrekin bilera egingo du Gipuzkoako Foru Aldundiak, batez ere, obrak kaltetzen dituztenen eskaerak entzuteko. Bilera Antzuolako Olaran etxean izango da, eguaztenean, 18:00etan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak