Indarrean da gidabaimena ateratzeko azterketa berria. Gipuzkoan gidabaimena ateratzeko hiru gune daude: Donostia, Beasain eta Azpeitian. Debagoieneko ikasleak Beasain eta Azpeitira joaten dira azterketak egitera eta gaur izango dute lehenengo aldiz azterketa berria Beasainera joaten diren debagoiendarrek. Bihar izango da estreinako aldia Azpeitian azterketa egiten dutenendako.
Arlo teorikoa
Azterketaren arlo teorikoak aldaketa nabarmen hau du: orain arte 800 galderen artean egiten zuten aukeraketa eta aurrerantzean 15.000 galderen artean aukeratuko dituzte azterketetarako galderak.
Peñakoba autoeskolako zuzendari Iban Peñakobaren ustez, aldaketa horrek kurtso intentsiboetan izango du eragin gehien; izan ere, lehengo material bera ikasi behar da orain, baina gehiago landu behar da.
Hiriburuetan azterketetako papera desagertu egin da gainera eta ordenagailu bitartez hasi dira azterketak egiten. Modu horretara, azterketa guztiak desberdinak izango dira, ondorioz ikasleek ezingo dute aldamenekoarena kopiatu. Peñakobak esan digu laster iritsiko dela seguruenez sistema berri hori Beasain eta Azpeitira ere.
Arlo praktikoa
Azterketaren arlo praktikoari dagokionez ere badaude berrikuntzak. Hasteko, ikasleak aldez aurretiko egiaztapen batzuk egin beharko ditu autoan, eta adibidez, jakin beharko du motorreko kapota zabaltzen eta autoko mandu printzipalak non dauden kokatzen.
Beste berrikuntza nagusi bat izango da ikaslea zirkulazioan egongo den 25 minutuetako lehenengo 10 minutuetan bere kasa ibili beharko dela aztertzailearen aginduak jaso barik.
Peñakoba autoeskolako zuzendariak dio horren helburu nagusia dela azterketan gidatzea errealagoa egitea batetik, eta bestetik, lehenengo hamar minutu horietan ikaslea lasaitzeko: "Uste dut horrek eragin ona izan dezakeela ondoren etorriko diren 15 minutuetarako, ikaslea pixka bat lasaitu eta kokatu delako".