Bihar, eguena, Eibarko Udaletxe parean kale-bilkura egingo du LABek, 12:00etan. Abenduaren 19an egin zituzten lehenengo elkarretaratzeak, Espainiako Gobernuak Euskal Herrian dituen ordezkaritzen aurrean, "inposaketak nondik datozen salatzeko eta irtenbidea burujabetza dela aldarrikatzeko. Orduan iragarri genuen udal-foru azpisektorean mobilizazioekin jarraituko genukeela urtarrilean, bertoko administrazioei inposaketa-neurriak ez aplikatzeko galdatzeko", esan dute LABeko Deba ibarreko ordezkariek.
Honela azaldu dute biharko deialdia: "Sektore publikoko langileok ere, foru eta toki Administraziokoak barne, murrizketa gogorrak jasaten ari gara. 2012. urtea latza izan da: lanaldiaren luzapena, lan-bajen kasuetan lansariak jaistea, opor eta baimen egunak galtzea, abenduko aparteko lansaria galtzea –aurretik izan genituen soldata murrizketez gain–, eta abar. Foru eta toki instituzio gehienek murrizketak aplikatu dituzte “ezinbestez bete” behar direnaren aitzakiapean, PNV,PSOE eta PP alderdiek osatzen duten Eudeleko Batzorde Eragileak EAEn aholkatu zuen legez".