Mendekotasun gradu guztietakoek jaso ahalko dute prestazio ekonomikoa

Leire Kortabarria 2013ko urtarrilaren 23a

Gipuzkoako Foru Aldundiak erabaki du mendekotasuna duten pertsonentzako prestazio ekonomikoak handitzea, etxean zaintzeko laguntza pertsonala kontrata dezaten. Aurrerantzean, mendekotasun handia eta arina duten gipuzkoarrek ere jaso ahal izango dute dirulaguntza. Hileko 300 eta 833 euro artekoa izango da prestazioa.

Horrela onartu zuen atzo Diputatuen Kontseiluak. Hain zuzen, prestazioa jasotzeko eskubidea izango dute, mendekotasun larriko pertsonek ez ezik (III. gradua), mendekotasun handiko gipuzkoar guztiek (II. gradua) eta mendekotasun arineko batzuek (I. gradua, 2. maila).

Guztira ia 12.500 pertsona daude Gipuzkoan gradu horietako batekin; beraz, horiek guztiek eska dezakete Laguntza Pertsonaleko Prestazio Ekonomikoa. Prestazio hori etxeko zaintzako gastuak ordaintzeko da. Mendekotasun larria dutenek gehienez ere 833,96 euro kobratu ahal izango dute hilero, eta mendekotasun arina dutenek, 300.

Laguntza horiek handitzeko, Foru Gobernuak Mendekotasun Legearen interpretazio zabala egin du. Ondorioz, Gipuzkoa da mendekotasun gradu horiei lagunduko dien lurralde bakarra Hego Euskal Herrian eta Espainian.
Foru Aldundiak 2012an 8.713.000 euro gastatu zituen Laguntza Pertsonaleko Prestazio Ekonomikoan. Aurreikusten duenez, neurri berriak urtean 600.000 euroko gastua ekarriko du, eta haren kontura 163 kontratu berri egingo dira 2013 Gipuzkoan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak