50 urtetik gorako etxe guztiek ITEa pasa behar dute 2015 bitartean

Leire Kortabarria 2013ko urtarrilaren 24a

Antzinako etxebizitzen jabeek eta bizilagun-komunitateek betebehar bat izango dute datozen hilabeteotan: Eraikinen Azterketa Teknikoa (espainolezko ITE siglekin ere ezaguna) pasatu beharko du eraikinak.

ITEa bazegoen eta betebeharra zen adin batetik gorako etxebizitzetarako, baina abenduaren 15ean indarrean sartu zen Eusko Jaurlaritzaren dekretu batek epe zehatzak ipintzen ditu betebehar horrekin kunplitu dezaten jabeek. Aurten bertan, 1901ekoak baino zaharragoak diren etxebizitzek egin beharko dute ITEa; 2014. urtean, 1940ra artekoek; 2015ean, 1965era artekoek; eta ordukoak baino berriagoek, dagokien urtean. Etxebizitza sailaren datuak estrapolatuta, Debagoieneko 1.000 bat eraikinek egin beharko dute ITEa hiru urte hauetan. Hori eta gero, ITEa 10 urtean behin egin beharko da.

ITEa begiz egindako ikerketa da eta horretarako zertifikatutako profesionalek egin behar dute: arkitektoek, arkitekto teknikoek edo aparejadoreek. Azterketa bera egiteak orain arte 1.000 euro arteko dirulaguntza izan du, hau da, azterketaren gastu osoa edo ia osoa; eta, probabilitate handiz, dirulaguntza horiek jarraituko dute. Gero, konponketa batzuk egin beharra egon daiteke. 

Dagokion udalendako ere ardurak ezartzen ditu Etxebizitza sailaren dekretu horrek. Hala, derrigortuta dagoen jabe batek edo komunitate batek ez badu ITEa dagokionerako egiten, Udalak modu subsidiarioan egin ahal izango du, eta zigorrak izan ditzake jabe edo komunitate horrek.

Derrigortasun horren helburua Euskadiko Etxebizitzaren aldeko Gizarte-Hitzarmenaren haritik dator. Bere printzipioen artean, eraikitako parkea birgaitzeko helburua dago; etxebizitzen bizitza erabilgarria luzatzea eta bizi-izateko hobea eta erosoagoa egitea, irisgarriagoa izatea eta energetikoki eragingarriagoa izatea.

Ikusi eta diagnostikatu 

ITEak eta birgaitzeak egiten espezializatuta dauden arkitekto batzuek osatzen dute Ite Euskadi elkartea (www.ite-euskadi.com). Gipuzkoan bi ordezkaritza dute, horietako bat Arrasaten, Alberto Mendieta eta Edurne Goiatxe arkitektoek osatua. Jendea lasaitu gura dute: "Ikuskatzen dena guztiz araututa dago, eta Etxebizitza sailak aplikazio informatikoa sortu du dena erregulatuta egon dadin. Dena begiz aztertzen dugu. Idealena izango litzateke apurketak egitea, baina ez dugu horrela egiten. Gure esperientziaren bidez jakin dezakegu bistan dagoen zerbait arazo baten aztarna izan daitekeen". 

Dekretuaren arabera, lau arlo aztertu behar dira: estaldura, estruktura edo egitura, aurrealdea edo fatxada –horrek dituen elementu guztiekin: balkoiak, barandak…– eta ur-instalazioak –ur-hornikuntza eta saneamendu instalazioak; eta bakarrik komunitarioak direnak, ez norberaren etxekoak. 

Gero, ikerketa egin dutenek  informea idatzi behar dute, Etxebizitza sailak ematen dituen jarraibideen arabera. "Hori egin eta gero, mediku batek pazientearekin egiten duen moduan, diagnosia egin behar da: ze topatu duzun eta, zure iritziz, zergatik dauden arazo horiek", azaltzen du Alberto Mendietak.

Bost kalifikazio posible 

Baliteke ITEa egin eta gero, etxebizitza horrek konponketarik behar ez izatea. Edo baliteke baietz. Premia hori ikerketa egin duenak erabaki behar du. "Hori da zati garrantzitsuena", esaten dute Mendietak eta Goiatxek. "Bost premia gradu daude: berehalakoa, oso premiazkoa, premiazkoa, epe ertainekoa eta mantenua. Ikerketa egin duen teknikariak zehaztu behar du. Proiektua behar izateko moduko kalte larriak badira, hala esan behar du, eta proiektua noizko egon behar den eginda. Adibidez, aurrealdean zerbait jausi beharrean badago, segituan konpondu behar da; edo, adibidez, kalte estetikoak edo arazo larririk ekartzen ez duten hezetasunak baldin badaude, proiektuak itxoin dezake", gaineratzen dute arkitektoek.

ITEaren ondorioz egiten den informea komunitateari edo eraikinaren jabeari ematen diote; hark bere udalari eman behar dio; eta udalak, Eusko Jaurlaritzari. Gainera, udalaren ardura da konpondu egin behar diren etxebizitzen jarraipena egitea. Dena dela, ITEa 10 urtean behin egin behar denez, hurrengo azterketen zati bat da aurreko azterketen ondorioz sortu ziren betebeharrak bete egin direla ziurtatzea.

Katastroko datuak 

ITEa jabeak edo komunitateak eskatu behar du. Horretarako, kontzientzia hartu eta hurrengo pausoa da azterketa egiteko baimenduta dagoen norbaitengana jotzea. Etxebizitza noizkoa den jakiteko, Ogasun Foralera jo daiteke, katastrora.

-----------------

Jakin beharrekoak

Legea: EAEko Lurzoru eta Hirigintza 2/2006 Legeak agintzen du 50 urtetik gorako eraikinen jabeek 10 urtean behin ITEa enkargatzeko.

Dirulaguntza: eraikinaren arabera, gehiago edo gutxiago kostatzen da ITEa. 1.000 euro arteko dirulaguntzak ematen ditu Jaurlaritzak azterketa egiteko.

Enkargatu: eraikinaren jabeak edo bizilagun komunitateko presidenteak enkargatu behar dio ITEa horretarako kalifikatuta dagoen arkitekto edo aparejadore bati.

Prozesua: galdetegi bat bete beharko dute bizilagunek. Gero, etxebizitza batzuk begiz aztertuko ditu teknikoak.

Txostena: topatu dituen arazoak txosten baten zehaztu eta, kasuan kasu, konpontzeko proiektua egiteko epea zehaztuko du teknikoak. Informe hori udalak eta Jaurlaritzak ere izango dute.

-----------------

Edurne Goiatxe eta Alberto Mendieta (arkitektoak): "Azterketa teknikoen datuak publikoak izango dira"

Orain arte ere derrigorrezkoa zen ITEa, ezta?

Alberto Mendieta: Bai. 2006ko Lurzoruaren Legeko artikulu batek 50 urtetik gorako eraikinen jabeendako ezartzen zuen derrigortasun hori. Baina jendeak ez du horren berri izan, askok ez dute egin… Norbait etxebizitza birgaitzeko dirulaguntza eske joaten zenean, Suradesara edo beste nonbaitera, orduan esaten zieten lehenengo ITEa egin behar zutela, eta, obrak egin behar baziren, dirulaguntzarekin lehenengo horiek egin behar zituztela. 

Azterketa teknikoak txosten bat sorraraziko du. Horrekin zer gertatuko da?

Edurne Goiatxe: ITEko informea Udalak eta Eusko Jaurlaritzak jasoko dute. Eusko Jaurlaritzak eraikin guztien artxibo orokorra sortzeko asmoa du. Apiriletik-edo aurrera, 50 urtetik gorako etxebizitza erosten duenak artxibo horretan informazioa jasotzeko aukera izango du.

A.M.: Abantaila handia izango da, informazio hori publikoa izango delako. Etxebizitza hori erosi nahi duenak jakin ahal izango du eraikinak ITEa pasa zuen, zer antzeman zen, konpondu ote zen…

Gastua izango da, ordea…

A.M.: Bai, komunitateendako gastua da. Dena dela, ITEaren kostu osoa edo ia osoa subentzionatuta dago, eta obrak egin beharra egon daiteke, edo beharbada ez. Eta interesgarria da ITEa, ez bakarrik etxe horretan bizi direnendako, baita oinezkoarendako ere, zenbait kasutan arriskua sor daitekeelako etxebizitza batzuen inguruan.

ITEa egiteko, ze pauso jarraitzen dira?

A.M.: Telefonoz egoten gara komunitateko presidentearekin, eta datu batzuk ematen digu: eraikina non dagoen, noizkoa den… Gero, bizilagunek galdera gutxi batzuk erantzun behar dute idatziz: ea hezetasunak, zartadurak eta antzekoak topatu dituzten; gero, arazoak dituzten etxebizitzak begiratzen ditugu, jabearen baimenarekin.

Zein da derrigortasun honen helburua?

A.M.: Ondarea ondo gordetzea. Dagoena ondo eduki behar da eta, ahal bada, hobetu; jakin zer daukagun, ea segurua den, ea energetikoki eraginkorra den, ea irisgarria den… bizilagunendako etxebizitza hobea eta erosoagoa izan dadin, eta pentsatzen dut egin behar diren obrak diruz laguntzeko partidak sortuko dituela Eusko Jaurlaritzak. 

Nola daude hemengo etxebizitzak?

E.G.: Eusko Jaurlaritzak dio 50 urte edo zaharragoak direla Euskadiko etxebizitzen %32; eta Gipuzkoan dago portzentaia handiena. 

A.M.: Bai. 100 urtetik gorakoak zeintzuk diren ezin da ziur jakin. Nola dauden… denetarik dago; birgaitze lanak egin izan dira, baina denetarik dago. Urte horietako etxebizitzek, normalean, arazoren bat edo beste izaten dute: egituran pipia, termita, onddoak… Ez daude jausteko zorian, ez; baina, orokorrean, ez dira ondo zaindu, eta beste erremediorik ez dagoenean bakarrik ekin izan zaie.

Nola jakin etxeak ze azterketa pasa dituen, ze obra egin dioten…?

A.M.: Eraikin berriek bere liburua dute eta, horren barruan, mantenu-liburua, autoek duten bezala. Hor agertzen da liburuaren mantenuaren historia, eta ikusi daiteke zer mantendu behar den, zenbatero… Etxebizitza zaharragoek ez dute liburua, eta horiek egin egin behar dutela esaten du dekretuak. Hori ITEa egiten duten teknikoek egin dezakete: ze aztertu behar den, noiz… Horrela, komunitateak edo jabeak jarraibide batzuk izango ditu etorkizunerako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak