1. Goizetan kafea ala kolakaoa?
Kafea, bat baino gehiago! Oso kafezalea naiz; tabakoa bezalako beste gauza batzuk utzi izan ditut, txokolaterik gabe ere bizi naiteke... Baina kaferik gabe, inoiz ere ez!
2. Umorearekin esnatzen duzue jendea. Zu zeu ze umorerekin esnatzen zara?
Hain barneratuta dut ordutegia, goizetan martxa dut; badut umorerako jarrera. Asteburuetan ere, goiz-goiz jaikitzen naiz eta edozer gauzatarako gai naiz. Arratsaldean itzaltzen joaten naiz: 21:00etarako ez dut ez umore ezta ezer ere!
3. Goizean goizetik Jon Gotzon aguantatzeak ez dirudi erraza...
Jon Gotzonen atzean pertsona bat dago eta oso harreman ona dut harekin. Jon Gotzonekin askotan naturala dirudien antzerkia da, eta ondo pasatzen dut harekin ere.
4. "Egun on!" esan partez "gabon!" esatea eskainiko balizute?
Asko gustatuko litzaidake. Ez dakit gorputzak nola erantzungo lidakeen, baina ohitzea izango da. Tonu, lan egiteko era eta lankideekin dagoen harreman estuagatik askoz nahiago dut gaueko edo asteburuko txanda. Goiza guk arrankatzen dugu eta motorra izateak badu pisua.
5. Zer kostatzen zaizu egitea di-da? Erabakiak hartzea, baita huskerietarako ere. Taberna baten inoiz ez dakit zer hartu: ardoa, zurito bat, ura... Dendetan ere berdin.
6. Beste medio batzuetan ikusi zaitugu, irratia inoiz utzi gabe. Plusak izan dira, epe motzerako eta irratiarekin bateratzeko baldintzarekin. Nire mugak ikusten ditut; telebistan ez dut etorkizun handirik. Irratikoa lana baino gehiago da: saioan guretik asko ematen dugu, gure bizitzaren parte da. 7. Irratitik bakarrik ezagututa, jakin daiteke nolakoa zaren? Bai. Ez gara hain txolinak ere, baina Joseinaren emazteak ondo azaltzen du: esan eta egiten ditugunak kontatzen dizkiotenean, dio larriena dela horrelakoak garela, ez dugula esfortzu handia egin beharrik. 8. Hernaniko lehen txotxa, aurten, zuena. Nolako sagardoa da? Gustatu arren, ez naiz aditua. Hotzarekin baino nahiago dut udan hartzea, hondartzatik irtendakoan. Gustatu zitzaidan Hernanikoa, eta adituek zioten oso goxoa zegoela. 9. Geneek tiratuta, pentsatu duzu agertokira igotzea? Bai, baina ez edonola egiteko. Errespetu handia diot lanbide horri: aita aktorea nuen, anaiak ere egiten ditu gauzak eta badakit zer den aktore izatea. Gustatuko litzaidake amateur mailan zerbait egitea. 10. Zein duzu asteburu baterako plan-plin-plan perfektua? Garai hura oso polita izan zen: lan egiteko beste era bat, entzuleekin oso gertuko erlazioa... Niretako, plan-plin-plan-ak orain ihesaldiak dira: Mungiara, Nafarroara... ----------------- Makila magikoa baneuka: "Elkartasunaren aldetik joko nuke: iruditzen zait geroz eta berekoiagoak garela eta ez diogula aldamenekoari begiratzen. Kexatzen gara iPhonea zaharra geratzen ari zaigula (nik neuk ez dut, baina...), eta agian hitz egiten ari zaren pertsona horrek ez du lanik. Jendeak begirune handiagoz jokatzea eskatuko nuke".