Sorturen oinarri ideologikoak erabakita dituzte eta eztabaida "mamitsua eta oso emankorra" izaten ari da. Bultzatzaileen esanetan, aldaketak eta hobekuntzak izan dira, baita eztabaidagai nagusietan ere, esate baterako: "Batzarretara hurbildutakoek erabaki dute oinarri ideologikoetan zehaztea Euskal Estatua izan nahi dugula Europan, Europar Batasunean sartu edo ez Euskal Herritarrek erreferendumean erabakiko lukete; euskara izango da Euskal Herriko lehentasunezko hizkuntza eta euskal estatuak beronen garapena lagunduko du, gainontzeko hizkuntzetako hiztunen hizkuntza eskubideak errespetatuz; independentzia, sozialismoa eta euskalduntasunarekin batera, Euskal Herri feminista lortzea helburu nagusietakoa izango da; Sorturen oinarri ideologikoetan antimilitarismoa eta sexu askatasuna ere txertatuko dira militantziak ala erabaki ondoren".
"Antolaketa parte-hartzaile, malgu eta eraginkorra"
Abenduan ildo politikoa aztertu ostean, datozen egunetan jasotako emendakin guztiak bozkatuko dituzte, eta asteburu honetan antolaketa-eredu "parte hartzaile, malgu eta eraginkorra" erabakitzea dagokie. Eztabaidan jarriko dituzten galdera batzuk ondokoak izango dira: " Nola antolatuko gara gure herrian eraginkortasuna lortzeko? Zer egin militantziari konpromiso maila ezberdinak eskaintzeko? Nola lortu militantziak erabaki nagusiak hartzea? Eraginkorra da gure mobilizazio ildoa? Nola zabaldu gure mezuak herritarrengana iristeko? Nola lortu udala eta herritarren arteko elkarlana?".
Horrekin batera, herriz herri, Gipuzkoa mailan eta Euskal Herri osoan Sortun karguak betetzeko jaso dituzten proposamenak zeintzuk diren azalduko diete batzarretara agertzen diren herritarrei. Ondoren, otsailean zehar, zerrenda ireki horien bozketa egingo dute herri batzarretan.
Batzarrak, herriz-herri
Batzarrak ondoko leku eta orduetan egingo dituzte:
- Eskoriatza: urtarrilak 26, zapatua, 10:00etan, Ibarraundi museoan.
- Aretxabaleta: urtarrilak 26, 09:00etan, Arkupe kultura etxean.
- Arrasate: urtarrilak 26, 09:30ean, Kulturaten.
- Bergara: urtarrilak 26, 10:00etan, Irizar Jauregian.
- Oñati: urtarrilak 26, 09:00etan, Gaztelekuan.
- Antzuola: urtarrilak 26, 09:00etan, udaletxeko pleno aretoan.
- Elgeta: urtarrilak 25, ostirala, 19:00etan, kultura etxean.
Orain arte bezala, batzarrak irekiak eta parte hartzaileak izango dira, baina kasu honetan iraupen laburragoa izango dute ( 2-3 ordu).