Gaur hasi dira Gida 2013, Goienak argitaratzen duen gida komertziala, ibarrean banatzen. Paperezko aleak banatzeari ekin diote gaur eta aste betean banaketa amaituko dute. Hala ere, gaurko eguna heldu arteko prozesu bizia izaten da. Irailean hasten dira komertzioekin kontaktuan jartzen, eta lau hilabetetan kaleratzeko gertu egoten da. Urtero bezala, papereko Gida, Goiena papereko harpidedunek eta bertan agertzen diren komertzioek etxean jasoko dute, hala ere, edozein herritarrentzat ere salgai dago.
Berrikuntza asko aurtengo edizioan
Aurten ordea berrikuntzaz josia dator Gida, papereko euskarriaz gain, interneten eta telefono mugikorretan oso presente egongo delako Gida komertziala. Teknologia berrietara salto egitea oso garrantzitsua da gaur egun, eta salto hori ondo baino hobeto egin dute aurten.
Internetean
Interneteko euskarriari dagokionez, komertzio edo enpresa bakoitzak orri bat izango du, bertan nahi duen informazioa partekatu dezan. Erakusleiho honetan, enpresaren helbide elektronikoa, argazkiak edota bideoak erakusteko aukera ematen du Gidak. Horrela, bezeroentzako eta erabiltzaileentzako mesedegarri den euskarria hobetu dute.Interneteko Gida erabiltzeko, goiena.net web orrian sartu eta Gida estekan klik egin ondoren, aukeratzeko hiru sailkapen ezberdin izango ditugu. Herriz-herrikoa, Negozioen sailkapenena edota zuzeneko bilaketa. Horrela, nahi dugun negozioaren espaziora helduko gara hauekin kontaktuan jartzeko, argazkiak ikusi ahal izateko edota negozioaren promozio bideoa ikusteko.
Telefono mugikorrentzat aplikazioa
Hala ere, berrikuntza nagusia, telefono mugikorretarako sortu den aplikazioa da. Horrela, erabiltzailea edonon dagoela, komertzioen berri izango du. Aplikazioa izanez gero, komertzioa bilatu eta zuzenean deitzeko aukera ematen du Gida aplikazioak. Eta horrez gain, geo-lokalizazioari esker, mapak zu non zauden eta komertzioa non dagoen esan eta bertara heltzen laguntzen du Gida aplikazioak. Hau lortzeko, mugikorrean Goienako aplikazioa jaistea da aukera bat, eta bestea, m.goiena.net/gida.html web orrira sartzea.