Ingurumenaren, iraunkortasunaren eta eraginkortasun energetikoaren inguruan gizartea kontzientziatzeko eta arlo horretako produktu eta zerbitzuak azaltzeko egitasmoa da Berdeago. Jump In eta Snatu kooperatiba gazteetako kideek elkarlanean antolatu dute eta, promozio-bideorako, Oihan Vegaren laguntza izan dute.
Hainbat gai, hizpide
Egubakoitzean, Berdeago zer den azalduko dute, 10:20 inguruan; 11:30ean, Berdeago Hitzaldiak hasiko dira. EHUko, MUko, GAPeko eta PH+-eko ordezkariek hitz egingo dute. Zapatuan, 12:00etan, Berdeago Hitzaldiak hasiko dira, eta kutsaduraren eraginaz hitz egingo dute; 17:00etan, bigarren saio bat hasiko da, eraikuntza eraginkorraren gainekoa. Bi egunetan, goizez eta arratsaldez, ludoteka izango da, eta bizikleta eta auto elektriko eta hibridoak probatzeko modua izango da.
"Egunerokotasunean ez dago"
Helburuak hauek dira: natur eta kultur baliabideen balioa handitzen laguntzea; ingurumena errespetatzen duten produktu, zerbitzu eta enpresen potentzialtasunak erakustea.; tokiko eragile pribatu eta publikoak sentsibilizatzen laguntzea, iraunkortasun eta eraginkortasun energetikora bideratuak dauden ekimen berriak abian jartzeko; bezero berriak erakarri eta haiek leial bihurtzeko ekarpena egitea; eta ingurumenaren gaineko ideia berriak sortzen laguntzea eta haiek garatzeko gai diren eragileak biltzea.
Izan ere, antolatzaileek diotenez, "zoritxarrez, egunerokotasunean ez dugu oso kontuan hartzen ingurumena"; beraz, Berdeago-rekin, herritarrei eraginkortasun energetikoaren, mugikortasunaren zein etxebizitzaren inguruan gaur egungo merkatuan dagoena azaldu nahi diete; eta gizartea kontzientziatzeko hainbat ekintza proposatuko dituzte.