GSR Debagoienan langile eta boluntario ugari zabiltzate, ezta?
Langile aldetik 68 inguru gaude. Boluntarioei dagokienez, asteburuan 18 eta 25 urte bitarteko hamar bat lagun joaten gara, horietatik batzuk Arizmendiko monitoretza eskolatik.
Astean zehar aldiz, 40 urtetik gorako taldeak izaten dira, batzuk bailaratik beraien kabuz joaten diren herritarrak izanik. Gainera, Nagusilaneko beste zortzi laguneko taldetxo bat etortzen da eta baita Aretxabaletako Osasun Pastoraletik ere.
Zer nolako lanak egiten dituzue boluntariook?
Asteburutan gazteok egoiliarren beharretara egokitutako psikomotrizitate zein memoria jolasak eta eskulanak egiten ditugu, estimulatzeko. Beste batzuekin soilik berriketan aritzen gara, lagunartean egon gura dute askok eta.
Astean zehar desberdina izate da, arratsaldeko ekintzetan boluntarioak sostengu bezala etortzen dira, esaterako, bingoan-edo jolasteko orduan. Eta horrez gainera, egoiliarrekin berba egin, paseatu eta beste egiten dute.
Eta nola hartzen dute egoiliarrek boluntarioen laguntza?
Pozik hartzen dituzte. Askok gainera ea noiz bueltatu behar garen galdetzen digute. Izan ere, maiz asteburua luze egiten zaie ez dutelako terapeutekin ekintzarik egiten eta modu horretan, eskerrak ematen dizkigute.
Ordutegiak edukitzen al dituzue boluntariook?
Ez. Bakoitzaren denbora librearen arabera, gainera. Batzuk hilabetean behin edo birritan joateko aukera izaten dute, eta beste batzuk aldiz, astero-astero bertaratzen dira.
Esango zenukete garai zehatz batzuetan, Gabonak kasu, boluntarioen behar gehiago egoten dela?
Ez. Urtean zehar beti behar berdina egoten da, baina egia da Gabonak bezalako garaietan, ekintza berezi gehiago egoten direla eta laguntza gehixeago behar izaten dela egoiliar guztiekin konpontzeko. Horregatik etortzen dira gehiagotan. Baina urte guztian zehar boluntarioen beharra berdin-berdina da.
Zer nolako ezaugarriak dituzte egoiliarrek?
Desberdinak, izan ere 142 egoiliar dira guztira. Gehienak nagusiak dira, baina badaude 65 urte edo gutxiago dituztenak ere. Pluripatologia edukitzen dute, hau da, gaixotasun bat baino gehiago.
Zer behar da boluntario izateko?
Ez da ikastaro berezirik behar. Esaterako, Arizmenditik etortzen diren boluntarioak ikasten ari dira, eta ikasgelakoa praktikan ipintzeko aukera daukate.
Baina gogo eta ilusioarekin nahikoa izaten da. Langileok aurreneko egunetan egoitza erakusten diegu, egoiliarren ezaugarri batzuk azaldu eta edozer gauza behar izanez gero, bertan egoten gara laguntzeko.
Modu horretan, jendea animatu gura dugu etxean daudenei denbora pixka bat edukiz gero boluntario moduan etortzen. Egoiliarrentzat aberatsa da eta norberarentzat aberasgarria. Egoitzara etorri, edo 943 772 088 telefonora deitu daitezela, informazio gehiagorako.