Bergarako Amaia Osa, Sebas Etxeberria eta Iñaki Manuel, eta Arrasateko Joseba Garitaonandia Madrileko Auzitegi Nazionalera joango dira astelehenean. Epaituak izango dira duela bi urteko Korrikan presoen argazkiak eramateagatik.
Auzipetuei babesa eskaintzeko agerraldia jendetsua egin zuten atzo iluntzean Bergarako Irizar Jauregian, bertan izan ziren, besteak beste, Bergarako eta Arrasateko alkateak. Auzipetuek eurek hitza hartu zuten eta salatu zuten beraiekin batera herri oso bat epaituko dutela astelehenean: "Azken Korrikan presoen argazkiekin korrika egitearren epaituko gaituzte. Gure helburu bakarra presoen eskubideak onartu eta Euskal Herrira ekartzeko eskubidea aldarrikatzea zen. Bilbon urtarrilaren 12an ikusi genuen bezala herri oso baten aldarrikapena da guk korrikan egin genuena, horregatik nolabait herri oso bat epaitu nahi dutela uste dugu".
Gaineratu zuten epaiketa horrek Estatu espainolaren estrategi politiko bati erantzuten diola eta nola edo hala presoen aldeko aldarrikapenak kaletik atera nahi dituztela. Epaiketak epaiketa presoen alde lanean jarraituko dutela argitu zuten. "Presoen eskubideak aldarrikatzearrean 15 hilabeteko espetxe zigorra eta zortzi urteko inhablitazioa ezarri nahi digute. Baina, epaiketak epaiketa argi daukagu presoen eskubideen alde lanean jarraituko dugula".
Mozioa osoko bilkuran
Irizar Jauregiko agerraldiaz gain, atzo Bergarako udalbatzak egindako osoko bilkuran auzipetuek mozioa aurkeztu zuten epaiketa salatzeko. Mozioak aurrera egin zuen Udal Gobernuaren babesaren, PSE-EEren kontrako botoarekin eta EAJren abstentzioarekin.
EAJko zinegotzi Aintzane Oiarbidek adierazi zuen presoen argazkiak eramatea adierazpen askatasunaren barruan kokatzen dutela eta erabat salagarria dela asteleheneko epaiketa. Hori esanda, gaineratu zuen bere alderdiak uste duela Korrika bezalako ekimen bat, euskararen aldeko aldarrikapena izatera mugatu beharko litzatekeela eta litzatekeela aldarrikapen politikorik egin behar bertan. Azaldu zuen horregatik EAJ abstenitu egingo zela. Alkateak, bestetik, gobernuaren babesa adierazi zien auzipetuei eta hurrengo egunetan egingo diren ekimenetan parte hartzeko deia egin zuen.
Izan ere, epaiketa salatzeko Elkartasuna ez da delitua! Euskal Presoak Euskal Herrira lemapean hainbat ekintza burutuko dira datozen egunetan. Egubakoitzean bertso saioa egongo da Zabalotegin, zapatuan eskualde mailako manifestazioa Bergaran eta astelehenean, epaiketa egunean ere hainbat ekintza aurreikusten dira, tartean autobusa Madrilera.
- Otsailak 1, egubakoitza: Bertso saioa Zabalotegi aretoan Miren Amuritza, Unai Gaztelumendi, Alaia Martin eta Aitzol Barandiaranekin. Sarrerak zazpi euro balio du eta epaiketako gastuak ordaintzeko erabiliko da.
- Otsailak 2, zapatua: Eskualde mailako manifestazioa egingo da 19:00etan Bergaran eta gauean Bertsio Gaua Ubera eta Otxoaren eskutik eta ondoren Dj Elvis Caino.
- Otsailak 4, astelehena: Autobusa egongo da Madrilera eta epaiketaren orduan elkarretaratzeak egingo dira lantegien aurrean. Irakaskuntzan geldialdiak dietuko dira eta manifestazioa 12:00etan. 19:00etan gero elkarretaratzea eta epaituei harrera Arrasaten eta Bergaran.
Auzipetuek eskerrak eman nahi izan zituzten jasotako babesarengatik: "Eskerrik beroenak eman nahi dizkizuegu egun hauetan elkartasuna adierazten ari zarten guztioi".