Irabazlea zapore gaziaz –sufritzen amaitu duelako– eta galtzailea zapore gazi-gozoaz –galdu arren aurpegia eman duelako. Halaxe erretiratu dira Aretxabaletako eta Mondrako ordezkariak. Izan ere, Ibarran batu diren zaleek partidu nahasia ikusi dute, joan-etorri askokoa, eta filmaren amaiera aurreikusteko aukera gutxi ematen duena.
Jokoa baino borroka izan da berdegunean, bi taldeen erdialdekoen lehia, jokoa menperatzeko. Aretxabaletak ondo asmatu du Mondraren atzealdea itotzen; defentsek nekez atera dute baloia ondo jokatuta, Lutxok nahi izaten duen moduan –duela ez asko talde zuri-morean agindua ostikoa eman eta aurrera joatea zen. Baina, atzealdetik hasi nahi horretan tematuta, behin baino gehiagotan huts egin dute. Gol aukeraren bat izan du Aretxabaletak –Aitor Perez bazebilen abisua ematen– eta beste atean Zaitegik buruz ere egin du erremate garbiren bat. Baina, Mondra ondoen jokatzen zebilenean Aretxabaletak eman du lehen kolpea (29. minutuan); hain zuzen, lehenago abisua eman du Perezek maisuki loratu du baloia, Mondrako atzealdean egindako opari baten (1-0).
Gola egin arren, sufritzera
Bigarren zatia hasi eta gutxira etorri da zuri-moreen bigarren oparia. Markaketan huts bat eginda Oinatzek egindako burukada –bakarrik zegoen– ondo geratu du Ruiz de Azuak, baina aldaratzea Perezek jaso du, bigarrena egiteko (2-0).
Partidua Aretxabaletaren alde jarri da nabarmen, jokoan eta emaitzean, eta Albistegiren mutilen 3. gola gertu zegoela zirudienean –Apraizek aukera ederra barkatu du Mondrako atezainaren aurrean izandako aurrez aurrekoan– Iker Uribarrenek bikain errematatu du buruz eskuinaldetik egindako erdiraketa ona (2-1, 75. minutuan). Mondrak ez du aitzakia gehiago behar gora etortzeko, eta gainera Aitor Perezek bigarren txartel horia ikusi eta aldagelarako bidea hartu du handik bi minutura –Lehenago Lutxo Iturrino egotzi du epaileak, protesta egitearren.
Egoera horretaz baliatzen ahalegindu da Mondra, gogo handiaz, baina zelan egin jakin barik. Gainera, Aretxabaletak duen puntu indartsuetako bat atzealdea da, eta Etxabek, Kermanek, Arriaranek eta Gartzik, piboteez lagunduta, behin eta berriro zapuztu dituzte Arrasatekoen eraso ahaleginak. Pentsa ze gogo eduki duen Mondrak, luzapenean atezaina kornerra errematatzera igo dela; ahalegindu beharra zegoen.