Ilaski Serrano eta Kike Amonarriz telebistako aurpegi ezagunek gidatu dute gaur iluntzean Arrasateko Amaia antzokian Berria Taldearen alde egin duten 'Ziztada jaialdia'. Debagoieneko euskalgintzako taldeek antolatutako jaialdiak musika, antzerkia, bertsoak eta kirola uztartu ditu, eta ibarreko jendea izan da uneoro agertoki gainean egon dena. 280 lagun inguru bildu dira Amaian jaialdia bertatik bertara jarraitzeko.
Hala iazko tobera arrakastatsuan parte hartu zuten hainbat kidek epaiketa txiki bat burutu dute eta Oñatiko Ganbara Txikiko neska-mutikoek bi pieza eskaini dituzte (tartean, Xalbadorren heriotzean ezaguna). Bertsoak eta kirola eta eskutik joan dira: Maddi Labaien eta Manex Agirre bertsotan ari zirela Oihana Kortazar eta Alberto Iñurrategi kirolariak bizikletaren pedalak astindu dituzte. Bea Azurmendi eta Oier Arregi kantariek Pink abeslari estatubatuarraren Dear Mr President jo dute, eta atzerrian bizi diren debagoiendarren hitzak ere entzun ahal izan dira, 'Berria'-ren garrantzia azpimarratuz. Jaialdiak egunkariaren beraren banaketa berdina izan du (Euskal Herria, Mundua, Kirola, Ekonomia...) eta hainbat bideoren bidez, berriaren ibilbidean jazotako gertakari garrantzitsuenak batu dituzte. Oparien zozketa ere egin dute amaieran bertaratu direnen artean.
Antolatzaileak eta 'Berria'-koak, pozik
Joan Mari Larrarte Berria Taldeko ordezkaria jaialdian bertan egon da, eta adierazi duenez, oso gustura hartu dute debagoiendarren ziztada: "Berriaren alde egingo duen era honetako proiektu bat, erabat bertan antolatua dena eta eragileek herriaren parte hartzearekin burutu dutena, oso pozgarria da guretzat".
Antolatzaile lanetan ibili den AEDko Itxaro Artolak ere jaialdiaren balorazio positiboa egin du: "ikuskizuna oso ondo egon da; ez genuen gutxiago espero, baina jendeak maila eman du. Asistentziarekin ere pozik gaude".
Goiena Telebistan
Goiena Telebistak osorik grabatu du jaialdia, eta datorren egubakoitzean eskainiko du, 22:53etik aurrera.