"Kirol mailan trantsizio urtea izan zen hura", dio Albistegik; 1994-95ko denboraldiaren gainean dabil. Izan ere, urte hartan Toshack-ek jende asko igo zuen Sansetik: "Denboraldi hartan zazpi jokalari gazte etorri ziren lehenengo taldera: Alkiza, Imaz, Gurutzeta, Imanol, Luis Perez, Alberto... Eta taldeak Loren eta ni fitxatu gintuen. Sasoi hartan, berriz, atzerritarrak ziren Oceano, Carlos Xabier, Karpin, Meho Kodro... Talde berria eratzen hasteko urtea izan zen".
Hala, horrenbeste gazte batera igotako taldea izanda ere Reala hamaikagarren sailkatu zen denboraldi hartan, eta Real Madrilek irabazi zuen liga. Realean 1994an Lutxorekin elkartu aurretik, Albistegik Sestaon eta Mallorkan jokatu zuen, SuperDepor ezagunean atzealdean erreferenteetako bat bilakatu zen arte (1990-1993 urteen artean). Fisikoki indartsua, markaketan ona, eibartarra zentral moduan egindako lanean nabarmendu zen gehien.
Eibarkoa moduan, Lutxo Iturrino mutrikuarra ere ez zen geldi egon: Reala, Athletic, Logroñes... Realera egindako itzuleran denboraldi bakarra egin zuen txuri-urdin moduan, eta Salamancak fitxatu zuen gero, eta Eibarren jokatu zuen azkenik. Teknika oneko jokalaria, eskuin-hegalean jokatzen zuen, azken urteetan atzelari lanetan ibili bazen ere.
Hala, futbolak domekan batuko ditu ostera, Aretxabaletaren eta Mondraren arteko derbian (16:30, Ibarra); entrenatzaileen aulkian izango dira biak.
Ez diote ondokoari begiratzen
Gaztetako lagunak dira Albistegi eta Lutxo, baina eurekin berba egin ostean ateratako lehenengo ondorioa da bakoitzak bere bidea egiten duela, ondokoaren lana larregi jarraitu gabe: "Egia esan Mondra hiru aldiz ikusi dut aurtengo denboraldian, ez gehiago. Aurre-denboraldian elkarren kontra jokatu genuen, eta baita ligako lehenengo jardunaldian ere [Aretxabaletak 1-2 irabazi zuen Mojategin]. Joan den astean, berriz, Markinan izan nintzen Ondarroako Aurrera-ren kontra jokatu zuten partidua ikusten, baina hortik ezin da ondorio handirik atera. Ikusten da talde polita duela, eta ondo jokatzeko ahalegina egiten dutela.
Lutxok ere antzera erantzun digu: "Ez gara larregi arduratzen ondokoak zelan jokatzen duen ikusteaz. Gehiago ahalegintzen gara gure jokatzeko modua berdegunean ezartzeaz". Baina bai, mutrikuarrak badaki Aretxabaletak talde sendoa duela: "Makalaldi bat izan dute baina dagoeneko ondo errekuperatuta daudela esango nuke. Taldea sailkapenaren goialdean dago, gauzak ondo egiten dabiltzan seinale".
"Derbietan denetik izaten da"
Sailkapenean hamabost puntuko aldea dago Aretxabaletaren (33) eta Mondraren artean (18). Albistegiren mutilak hirugarren daude, eta Hernaniren eta Real Unionen itzalari eutsi nahian dabiltza –biak 39 punturekin. Mondra, berriz, sailkapenak erakutsi dezakeena baino hobeto jokatzen dabil, baina joko-maila txukun hori ez da puntuetan islatzen: "Hori ibili gara orain komentatzen, uste dugu ditugunak baino puntu gehiago merezi ditugula, baina futbolak hori dauka, ondo jokatzeak ez ditu puntuak ziurtatzen".
Hala, Mondra ezustea emateko asmoz doa Ibarrara: "Zaila izango da, baina gainontzeko futbol zelaietara ere asmo berdinarekin joaten gara, irabaztera. Gainera, derbietan zaila da ezer aurreikustea, gertuan dauden bi taldek elkarren kontra jokatzen dutenean partidu bereziak izaten dira, lagunen arteko partiduak izaten dira, baina lehia handia egoten da, pike deportiboa. Hala, horrelako partiduetan garrantzi txikia izaten du sailkapenak zer erakusten duen; hasierako minutuetan, behintzat".
Aretxabaletak, berriz, igoerako postuengatik borrokan ez du estropezu gehiago nahi: "Ea giro polita sortzen den futbol zelaian, horrek beste puntu bat ematen die jokalariei". Lutxok pike berba aterata, berdegunean izango diren jokalarien artean bakarrik ez, aulkietan ere pikerik ba ote dagoen galdetu diogu: "Ez, ez... Denoi gustatzen zaigu irabaztea, horretarako egiten dugu lan, baina oso harreman ona dugu", dio mutrikuarrak, barrez.
Aloña eta Bergara, kanpoan
Derbia alde batera utzita, Bergarak Lagun Onaken zelaian jokatuko du zapatuan (16:00), eta Aloña Mendik, berriz, Ostadarren zelaira egingo du bisita (15:30). Mondrako emakumezkoek, berriz, etxean hartuko dute Gasteizko Aurrera, etzi (15:30).