Denboraleak ez du aparteko arazorik sortu

Xabier Urtzelai 2013ko urtarrilaren 19a

Debagoieneko herrietako udaltzainek eta Ertzaintzak adierazitakoaren arabera denboraleak ez du aparteko arazorik sortu bart. Hori da goizeko –domeka– lehenengo orduetan jaso duguna, baina goizean zehar oraindik euri asko botako du, eta udaltzainek auzoetan erronda egiteko asmoa zuten. Hala, eguerdian informazioa eguneratuko dugu. Bestalde, egubakoitzean AP1 autobidean izandako luiziak sortutako kalteak konponduta daude, eta bidea zabalik dago.

Euskalmet agentzia metereologikoak aurreratzen duenez, datozen orduetarako oraindik eguraldi oso ezatsegina espero da. Goizean ipar isurialdean zaparradak botako ditu bata bestearen atzetik, baina hegoaldean hodeitza saretuta egongo da eta zaparradak noizbehinkakoak izango dira. Arratsaldean atertzera egingo du eta ostarteak irekiko dira, baina argialdiak ez du asko iraungo, izan ere egun amaierarako beste fronte bat iritsiko da, eta euritara egingo du. Elur-maila egun hasieran 800 m inguruan egongo da, baina egun amaierarako 1000 m-tik gora igoko da. Ipar-mendebaldeko haizeak indarra galduko du, eta arratsaldean hego-mendebaldekoa sartuko da, baina hala eta guztiz, Ebro bailaran haize-bolada zakarrak izan daitezke. Tenperatura maximoak 5 eta 10 ºC artekoak izango dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak