2011n baino %0,5 gehiago batu zen iaz zerga itunduetan

Leire Kortabarria 2013ko urtarrilaren 18a

Gipuzkoak 3.615,6 milioi euro bildu zituen 2012an zerga itunduetan, 2011n baino 18,9 gehiago (+%0,5). Ogasunak gaur eman du informazio hori.

"Krisi ekonomiko betean bilketa hobetzeak erakusten du Gipuzkoa ez dagoela geldirik. 2011n baino baliabide gehiago lortu dira gizarte politikak aurrera eramateko eta enpleguari zein sustapen ekonomikoari bultzada emateko, esan du Zerga eta Finantza Politikako zuzendariak, Itziar Minerrek.

Lehen seihilabeteko zerga-bilketan jaitsiera handia izan bazen ere, azken hilabeteetan bilketa suspertzea eta egonkortzea lortu dela azpimarratu du Foru Ogasunak." Gipuzkoako Foru Aldundiak egoera ekonomiko larri honen aurrean arduraz jokatzeaz gain, hainbat neurri hartu ditu bilketa hobetzeko, betiere modu progresiboago eta ekitatibo batean eraginez", esaten du foru erakundeak. "Beraz egoerari tamaina hartu izana eta erabaki garrantzitsuak hartu izana nabarmendu nahi ditugu”, esan du Minerrek.

Euskal Kontseiluaren aurreikuspenak bete dira; aurrekontukoak, ez

Finantza Publikoen Euskal Kontseiluan urriaren 23an adostutako 2012ko itxiera aurreikuspenak "bete-betean asmatu" dira Gipuzkoan, eta orduan aurreikusi baino 0,4 milioi euro gehiago bildu dira, "Aldundiak zuhurtasuna izan baitu irizpide". 2013ko aurrekontua betetzeko aukera adierazten du aurreikuspenak betetzearen inguruko datu positibo horrek.

2012ko aurrekontuan jasotakoarekin alderatuta, Gipuzkoan %94,2ko betetze maila izan da. Aurreko urtean egindako aurreikuspenak ez dira bete, batez ere 2012an ekonomiaren bilakaerak okerrera nabarmen egin duelako. Dena den, 2012 hasieratik gauza jakina zen desbideratzea gertatuko zela, eta horren arabera ardura handiz kudeatu du Aldundiak.

Zuzeneko zergek eta zeharkakoek portaera eta emaitza erabat ezberdina izan dute. Zerga zuzenen bilketa %3,6 hazi da 2011rekiko. Aldiz, zeharkako zergetan %3,6ko jaitsiera gertatu da.

Zuzeneko zergetan, oro har, "joera ona" nabarmendu du Itziar Minerrek:

  • PFEZean %0,7 hobetu da aurreko urteko zerga-bilketa. Lan etekinen atxikipenak doi-doi mantendu dira aurreko urtearekin alderatuta, eta %0,2ko jaitsiera izan dute (3,1 milioi euro gutxiago). Azken hilabeteetan beheranzko joera nagusitzen ari da, eta horrek adierazten du kontzeptu honetan motelaldia (langile edo soldata murrizketak, Enplegu Erregulazio Espedienteak, eta abar).
  • Sozietateen Zergari dagokionez %3,4 gehiago bildu da.
  • Ondare zerga 2012an berreskuratu da, eta 38,8 milioi bildu dira.

Zeharkako zergei dagokienez, %3,6 murrizketa izan da. Azken hilabeteetan BEZean hobekuntza izan bada ere, aurreko urtearekiko murrizketa %4,7koa izan da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak