Elkarrekin sendoago lan egitera konprometitu dira Ekonomia saila eta Confebask

Leire Kortabarria 2013ko urt. 18a, 11:49

Eusko Jaurlaritzako Ekonomia sailburu berriak, Arantza Tapiak, lehen batzarra izan zuen atzo Confebaskeko presidente Miguel Anjel Lujuarekin. Euskadiko industria garatzen jarraitzera eta krisiari aurre egiteko elkarlana sendotzera konprometitu ziren.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuak eta Confebaskeko presidenteak Euskadiko enpresen eta ekonomiaren egungo egoera kontrastatu zuten eta erakunde bien arteko lankidetza-bide berriak aztertu zituzten.

Bileran, ordezkari nagusi horiez gain, honako hauek ere parte hartu dute: Eusko Jaurlaritzako Industria eta Energiako sailburuorde Juan Ignacio García de Motiloak, eta Confebask-eko idazkari nagusi Nuria López de Gereñuk.

Bileran, Euskadiko industria garatzeko lankidetza sendotzeko konpromisoa hartu zuten. Horretarako, Arantza Tapia sailburuaren hitzetan, beharrezkoa da, besteak beste, neurri hau hartzea: berrikuntza eta teknologia eraginkortasun handiagoz aplikatu behar dira herrialdeko enpresa-proiektuetan, eta balio erantsi bat gehitu behar zaie, kanpoko merkatuetan lehiakortasun handiagoa eta posizio hobea lortzen laguntzeko.

EAEko ekonomia suspertzeko beharrari buruzko usteak ere trukatu zituzten; izan ere, horrela "saihestuko litzateke egungo krisiak eragin duen arazo larria", hau da, enpresak eta enplegua suntsitzea. Halaber, euskal produkzio-sarea lehiakorrago bihurtuz, helburu hori lortzen laguntzen duten bideak eta ekimenak landu beharra adierazi zuten.

Euskal enpresek duten likidezia-zailtasunei dagokienez, Eusko Jaurlaritzak eta Confebaskek bere gain hartu zuten finantza-bide eta -iturri berriak elkarrekin aztertzeko erantzukizuna.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak