Ilaski Serrano eta Kike Amonarrizek aurkeztuko dute ordu bete eta laurdeneko iraupena izango duen eta askotariko osagaiak (antzezpenak, berbaldiak, musika emanaldiak, bideoak...) batzen dituen hitzordua.
Ekitaldia, Berrian oinarrituta
Ekitaldiaren egitura orokorra, Berria egunkariak dituen ataletan oinarrituko da. Egunkariaren itxieratik Berriaren sorrerarainoko kontakizunak zabalduko du egitaraua. Ostean, Euskal Herria atalean, Bagara Egitasmoaren Toberako hainbat aktorek, Toberaren ildotik antzezpen txiki bat egingo dute. Musikarien txanda izango da gero, Aramaioko Bea Asurmendi eta Arrasateko Oier Arregi igoko dira taularen gainera, Ekonomia atalean.
Atzerrian bizi diren debagoiendar batzuen adierazpenak jasotzen dituen bideoak hartuko du lekukoa, Mundua atalean. Kirolen atala izango da jarraian, debagoieneko hainbat kirolari (Oihana Kortazar, Alberto Iñurrategi) eta Manex Agirre eta Maddi Labayen bertsolariekin.
Segidan, Plaza edo kultura atalean, Oñatiko Ganbara Txiki abesbatza igoko da taularen gainera, bi euskal kantu kantatzeko. Eta azkenik, Iritzia atalean, Joanmari Larrartek, Berria Taldeko Kontseiluko idazkariak, hartuko du hitza.
Horiek atal guztiak eta antolatzaileek iragarri dituzten beste hainbat sorpresa, ahalik eta ondoen lotzea izango da Serrano eta Amonarrizen egin-beharra.
Opari zozketa ere bai
Saioa borobiltzeko, bertaratutakoen artean opariak banatuko dituzte gero, urrian Arrasaten egin zuten Tonbolaren haritik. Oraingo zozketan parte hartzeko ez da txartel berezirik erosi beharrik izango; sarreretako zenbakiak izango dira-eta, bonboan sartuko dituztenak. Ternua enpresak eta Ibaiartek, Arrasateko merkatari elkarteak oparitutako materialekin osatutako bost opari-bilduma zozkatuko dituzte.
Elkartasun jaialdia
Berria Taldeak joan zen ikasturtean martxan jarri zuen Ziztadak izeneko egitasmoaren barruan kokatzen da biharko ekitaldia. Gaur egun, 4.100 BERRIAlagun daude.
Jose Angel Aldai BERRIAlagun kanpainako koordinatzaileak pasa den astean Arrasaten egindako aurkezpenean, eskerrak eman zizkien bereziki eskualdeko BERRIAlagunei. Aldaik gaineratu zuen, Ziztada egitasmoa ez dela dirua lortzeko bakarrik; izan ere, jendea inguruan sentitzea ere baduela helburu.
Goiena Telebistan urtarrilaren 25ean
Goiena Telebistak ekitaldi osoa grabatuko du; urtarrilaren 25ean, egubakoitzean, 22:50ean izango dugu ekitaldi hori telebistan ikusteko aukera.