Korrika martxoaren 20tik 21erako gauean iritsiko da Debagoienera

Amaia Txintxurreta Guridi 2013ko urtarrilaren 17a

Elosutik sartuko da gaueko 00:00etan, Bergarara jaitsiko da, Antzuolara joango da ondoren eta Zumarragan irtengo da goizeko 2:00ak inguruan. Udanatik sartuko da gero, goizeko 3:30ak inguruan Oñatira jaitsiko da, San Prudentziotik Arrasate aldera abiatuko da, Aretxabaleta, Eskoriatza eta Leintz Gatzaga pasatuko ditu ondoren eta Arabaruntz joango da goizeko 7:30ak inguruan. Ibilbide horixe izango du Korrikak gurean. Egun horren aurretik, baina, Korrika laguntzeko hainbat modu daudela gogorarazi dute antolatzaileek. Kilometroak ere eros daitezke dagoeneko.

Badator Korrika. Aurten 18. edizioa izango du eta martxoaren 14tik 24ra bitartean iraungo du Korrikak; Andoainen hasi eta Baionan amaituko da.

Gure bailarara, baina, martxoaren 20tik 21erako gauean iritsiko da. Elosutik sartuko da gaueko 00:00etan, Bergarara jaitsiko da, Antzuolara joango da ondoren eta Zumarragan irtengo da goizeko 2:00ak inguruan. Udanatik sartuko da gero goizeko 3:30ak inguruan, Oñatira jaitsiko da, San Prudentziotik Arrasate aldera abiatuko da, Aretxabaleta, Eskoriatza eta Leintz Gatzaga pasatuko ditu ondoren eta Arabaruntz joango da goizeko 7:30ak inguruan. Ibilbide horixe izango du Korrikak gurean.

Horretarako baina, hilabete pare bat gelditzen dira oraindik. Hala ere, dagoeneko inguruko herrietan hainbat lanetan hasiak dira. "Bagabiltza herrietan Korrika batzordeak sortzen; herritarrak, taldeak eta norbanakoak deitu ditugu eta ateak zabalik daude guztiondako. Momentu hauetan martxan dira bailarako herri guztietan, Aramaion datorren astean ekingo diogun arren" esan digu Maite Ilarduia Debagoieneko Korrikako dinamizatzaileak.

Korrika laguntzeko moduak

Korrika laguntzeko hainbat modu daude. Esaterako, 12 euroren truke Korrika laguntzaile egin zaitezke. Trukean pin bat eta txartel bat jasoko dute laguntzaileek; txartelarekin deskontuak izango dituzte Debagoieneko eta Euskal Herriko hainbat komertziotan.

Denda eta tabernek ere lagundu dezakete Korrika Lagun eginda. Bakoitzak bere borondatea jarrita, pegatina bat jasoko dute trukean Korrika Lagun direla frogatzeko eta euren erakusleiho edo tabernetan itsasteko.

Kilometroa diruz laguntzeko eskaerak egiteko epea ere zabalik dago dagoeneko. Korrika batzordeetan izena eman daiteke eta baita korrika18debagioena@gmail.com-era idatzita ere. Kilometro bategatik 400 euro ordaindu beharko dira gutxienez, hortik gora dena ongietorria izango dela azaldu digu Maite Ilarduiak. Udal eta bestelako lantegi handiek ordaindu beharreko gutxieneko prezioa 500 eurokoa izango da.

Materiala ere salgai jarriko dute eta ekintzetan parte hartuta ere lagundu daiteke Korrika.

Korrika kulturala herrietan antolatzen ere badabiltza. Korrika txikiak martxoaren 20an egingo dira bailarako herri gehienetan, baina  Ilarduiak esan digunez, Elgetan eta Leintz Gatzagan seguruenez aurreko zapatuan edo aurreko beste egunen batean egingo dituzte.

Antolatuko diren antzerki eta hitzaldien berri aurrerago emango dute.

Omenduak, ikasleak

Aurtengo omenaldia, berriz, Usurbilen egingo dute hilaren 26an eta ikasleak beraiek omenduko dituzte. Bertara joateko txartelak salgai izango dira 10 euroren truke Arrasateko Aed eta AEKn, Bergarako Jardunen, Aretxabaletako Loramendin eta Oñatiko kultura etxean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak