Debagoienak 67 ERErekin bukatu zuen 2012a

Leire Kortabarria 2013ko urtarrilaren 17a

Joan den urtea 67 ERErekin bukatu du Debagoienak, Gipuzkoako bigarren kopuru txikiena, eskualdeka. 1.187 langile zeuden etendura-espediente baten eraginpean; 164, murrizketa-espediente batenean; eta 18, kontratu-desegite espediente baten eraginpean; denetara, 1.374 langile, 992 gizonezko eta 382 emakumezko. Enplegu eta Gizarte Politikarako Sailak emandako datuak dira.

Joan den urtean 37.429 pertsona (29.758 gizonezko eta 7.671 emakumezko) enplegu-erregulazioko hiru modalitateren batean egon ziren Euskadi osoan. Kopuru absolutuan, 15.357 langile gehiago dago egoera horretan 2011. urtearekiko, %69,58 gehiago.

Modalitateka, etendura espedienteek 28.627 langileri eragin zieten; murriztapenekoek 5.466ri; eta desegitekoek 3.336 langileri.

Espediente-kopuruen aldetik, 2012. urtean Eusko Jaurlaritza Lan Zuzendaritzak onartu zituen  2.636 errekurtso, eta aurreko urtean 1.560. Kopuru osotik, 13 nekazaritza-sektorekoak ziren (%0,49); 431 eraikuntzakoak (%16,35); 1.101 industria-sektorekoak (%41,77); eta 1.091 zerbitzuen sektorekoak (%41,39). Eragindako pertsonei dagokienez, 112 izan ziren nekazaritza sektorekoak (%0,30), 4.128 eraikuntzakoak (%11,03), 22.939 industriakoak (%61,29) eta 10.250 zerbitzuen sektorekoak (%27,39).

Aurreko urteetan bezala, 2012. urtean Komitearen eta Enpresa Zuzendaritzaren arteko akordioa %90koa izan zen batez beste. Abenduan, adibidez, %92,5koa izan zen datu hori.

Gipuzkoan kaltetuena, Donostialdea

Eskualdeei dagokienez, eragin handiena jaso dutenak izan dira Arabako Lautada (364 espediente), Araban; Bilbo Handia, Bizkaian, 934 ERErekin; eta Donostialdea Gipuzkoan, azken hori 350 espedienterekin.

Joan den abenduan jakinarazi edo baimendu ziren 241 ERE, urte bereko azaroan baino %10 gehiago, baina  2011ko hilabete bereko %14 gutxiago. EREek eragindakoak 3.260 izan ziren 2012ko abenduan, urte bereko azaroan baino %61 gehiago eta %21 gutxiago 2011ko abenduan baino.

Bukatzeko, 2012ko bukaeran zabalik zeuden etendurako eta lanaldi murriztapeneko espedienteak 1.537 dira. Data berean, EREek eragindakoak 19.101 ziren.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak