Kopagoa ezarriko duela baieztatu du Eusko Jaurlaritzak

Leire Kortabarria 2013ko urtarrilaren 17a

Kargua hartu berri duen Eusko Jaurlaritzak botiken kopagoa ezarriko duela baieztatu du, bozeramaileak, Josu Erkorekak esan duenez. Gaineratu du Jaurlaritzak ez duela "lege marjinarik" arau horrek indarrik gabe jarrai dezan.

Espainiako Gobernuak egindako arau hori uztailaren 1ean sartu zen indarrean, baina Patxi Lopezen gobernuak hura indar gabe uzten zuen dekretua onartu zuen. Joan den abenduaren 17an, Auzitegi Konstituzionalak baliogabe aitortu zuen dekretu hori eta kopagoa aplikatzera behartu zuen Eusko Jaurlaritza.

Gobernu aldaketarekin, bazirudien kopagoa aplikatu gabe jarraitzeko aukeraren bat egongo zela, izan ere, ekipo berriak lege-txostena enkargatu zuen, Auzitegi Konstituzionalaren epaia aztertzeko. Baina, Gobernu Batzordearen ondorengoko prentsaurrekoan, argi geratu zen txostena epaiaren aldekoa izan zela, izan ere, Osasun Saila kopagoa martxan jartzeko sistema informatikoa prestatzen dabil.

Urte bukaerarako, gertu

Erkorekak zehaztu zuenez, neurria ez da "egun batetik bestera" aplikatuko, sistemak hainbat hilabete beharko dituelako gertu egoteko, baina litekeena dela urte bukaerarako martxan egotea.

Horren arabera, Euskadiko pentsiodunek botiken %10 ordaindu beharko dute, hileko 8 eta 60 euro arteko mugarekin. 18.000 eurotik gorako errenta duten langileek erdia ordainduko dute, eta horren azpikoek, %40. 100.000 eurotik gorako errenta dutenek %60 ordainduko dute. Aldiz, funtzionarioek bakarrik %30 ordaindu beharko dute. Txertatze-errenta minimoa dutenek eta prestaziorik ez duten langabeek ez dute ordaindu beharko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak