Arrasate eta Oñatiko txakolin berria Getarian, San Anton egunez

Jagoba Domingo 2013ko urtarrilaren 17a

Gaur, San Anton eguna, izango da Getarian txakolinaren egun handia, Gipuzkoako jatorrizko deitura duten 27 upategi ezberdinetako txakolina egongo da bertan dastatzeko. Martitzenean, Donostian, aurkeztu zuten uzta berria eta gaurko eguna. Aurtengo Gipuzkoako txakolina kalitate onekoa izango da azpimarratu dutenez: fruta-gustua garraztasun puntu batekin eta iazkoa baino graduazio handiagoarekin. Kataide eta Upaingoa Getarian izango dira gaur.

Aurtengo txakolinaz gehiago jakiteko Kataideko Jabier Arregirekin izan gara, eta honek usain onekoa eta garbia dela azpimarratu du. Aurtengo mahats produkzioa oso ona izan da, eta horrek eragin zuzena izan du ardo zuri honen produkzioan. Uda parteko eguraldia oso lagungarria izan dela esan du Arregik eta beste urte batzuetan baino askoz ere gutxiago tratatu behar izan dute mahatsa, hori dela eta, uzta ona eta oparoa izan da.

Kataide eta Upaingoa Getarian

Gaur, Getariara, Debagoieneko bi txakolindegi joango dira: Arrasateko Kataidekoa eta Oñatiko Upaingoa, gurean upategia duten ekoizle bakarrak eta Getariako denboraldi aurkezpenean parte hartzeko ezinbestekoa delako upategia izatea. Hala ere, gurean, beste txakolin ekoizle batzuk badaude. Adibidez, Arrasaten, Artazubia baserriko Otxia, eta Oñatin, Murgialdai, Belaskuena eta Ditxosuena baserrikoak, azken hauek, mahatsa beste upategi batzuetara saltzen dutenak.

Aukera ona da gaurko Getariakoa txakolin ekoizleentzat: 2 ordutan 2.000 botilatik gora dastatuko direlako eta aurtengo salmentei begira garrantzia handia duelako gerturatutakoei gustatu izana, produkzio gehiena hemen saltzen dutelako. Hala ere, pixkanaka txakolin ekoizleak ere kanpora begira hasi dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak