Zubillaga-San Prudentzio-Epele bidegorri zatiaren lanak ezusteko barik doaz aurrera. Vasco-Navarro trenbide zaharraren trazatuan dago oinarrituta, eta inguru guztia dabiltza egokitzen, 4.556 metro.
Zubillagatik San Prudentzio arteko tartea dagoeneko asfaltatuta dago eta barandak ere jarri dituzte. Bukatutzat emateko argiteria jartzea geratzen da; horretarako azpiegitura lanak eginda dituzte, baina instalakuntza osoa egin beharra dago gero. Argi horiek, gainera, led motakoak izango dira ibilbide guztian; aire zabaleko zatietan, 35 metrotik behin jarriko dituzte, eta tuneletan, 12 metrotik behin. Tarte horrek 2.756 metro ditu.
San Prudentziora iritsitakoan –Oñati ibaiaren zubi gainetik, Tavesa enpresako instalazioetatik bueltan– biribilgunearen azpitik pasatuko da bidegorria, eta desbideratze horretan dihardute lanean. San Prudentzion hasita Epeleko hondakin uren araztegiaren pareraino joango da bidea, eta GI-627 errepidearen paralelo dagoen plataforma aprobetxatu dute horretarako. 1.800 metro dituen ibilbide horretan bi tunel daude –Errekabaltz, 145 metrokoa, eta Minazulueta, 165 metrokoa–, eta horiek dagoeneko konpondu dituzte, eta asfaltatu ere bai.
Lau kilometro eta erdi dituen bidegorri horrek guztiak 3,5 metro zabal izango du; bi metro bizikletendako, eta gainerakoa oinezkoendako. Eta bidearen tarterik handiena laua da (batez besteko aldapa %1,66). Lanok egiten Murias S.A. enpresa dabil, eta 1.365.480,15 euroko aurrekontua dute.
Tranbiarentzat pentsatutakoa
Zubillagatik Oñatira doan tartea, ostera, abendurako bukatuta izan behar zen, baina trazatua aldatzea erabaki zuten gero, eta martxorako izango da gertu. Hasierako asmoa zen Fagorren atzeko partetik pasatzea, baina gas hodiek arazoak sortu zituzten biribilgunean, eta gainera trazatua bera ere ez zela guztiz egokia iritzi zioten (%6tik gorako desnibela). Hala, sasoi baten tranbiarendako aurreikusitako ibilbidetik jotzea erabaki dute: biribilgunetik gasolindegi aurrera eta errepidea azpitik gurutzatuta Madalenako ermita aldera. "Trazatua zuzenagoa eta aproposagoa da horrela" jakinarazi dute Aldundiko ordezkariek. Aldaketak zertxobait garestitu egin dezakeela hasierako aurrekontua onartu dute, "baina asko ez dugu uste".