Euri zaparradak baretu egin dira, baina alertan jarraitzen dugu

Goiatz Arana Begiristain 2013ko urtarrilaren 16a

Gogotik egin zuen euria atzo, martitzena. Gaur, eguaztena, egoera zerbait lasaitzea aurreikusten da, baina ez askorik: 24 orduan 60 litro ur metro koadroko batzeko probabilitatea jasotzen du iragarpenak. Oraingoz, baina, aurreikusi baino gehiago baretu da egoera: euriak ez du ia atsedenik hartu, baina gauean nahiz eguneko lehen orduetan atzo baino dezente gutxiago bota du. Edozein kasutan, alerta egoerari eusten dio Eusko Jaurlaritzak. Atzoko gora-beheren berri albiste barruan duzue, bideo eta argazkiekin.

Atzo, Euskal Herriko beste hainbat tokitan bezala, errekak gainezka egiteko puntuan egon ziren Debagoieneko hainbat tokitan, eta toki batzuetan gainezka ere egin zuten. Horrek eta lurjausiek hainbat arazo eragin zituzten bailaran.

Goiz partean, Oñatin, Garagaltza auzoan, izandako lurjausi bat izan zen Debagoienean euriteak eragindako lehen ondorioetako bat. Errotatxo baserrirako bidean (Arregi nekazaritza turismorako aldapan) izan zen, bidea moztuta geratu zen eta bazkalostean bertan lau lagun bidea libratzeko lanetan hasi ziren arren, zail ilusten suten egunean bertan lanak bukatzea, lan handia zegoela eta negu partean goiz iluntzen duela kontuan izanik. 

Pare bat pinu erori dira Errotatxo baserrira bidean.

Lurjausia izandako tokian bidea guztiz moztuta geratu arren, inor ez zen geratu inkomunikatuta, ordea. Izan ere, hiru baserritara doa lurjausiaren ondorioz itxita dagoen bidea: Arregi nekazaritza turismora eta beste bi baserritara. Nekazaritza turismora heltzeko beste bide bat ere badago, Errotatxoko bizilagunek kalean pasa zuten gaua aurreko gaua eta beste baserrian ez da inor bizi.

 

Hainbat arazo Aramaion

Euriak egun osoan zehar eragin zituen arazoak Aramaion. Goizean, esaterako, Induspe Goiko baserriko bidea itxita zegoela esnatu ziren bertako bizilagunak, eta Arriolako bizilagunek kontu handiz egin behar izan zuten etxerako bidea, bide bazterrean lurra dezente mugitu zelako. Eta Ibarra auzora ere heldu ziren arazoak: Eki taberna ondoko estolda batek gainezka egin zuen eta ura etengabe aritu zen irteten, tarte on batean.

Induspe-Goiko baserrirako bidea.

Arriola auzorako bidea.

Arriola auzorako bidean lurra mugitu du euriak.

Ura irteten, Eki tabernan ondoan.

Eta arratsaldean bertan, arazo gehiagoren berri heldu zitzaigun Aramaiotik. Euriak etengabe ziharduen eta egoerak okerrera egin zuen: estolderia-zulotik gainezka egin zuen urak eta ur-jausia eragin zuen erdigunean.

Ur-jauzia Aramaioko erdigunean.

Pedro Ignacio Barrutia kalean egin zuen gainezka eta urak errepidea hartu zuen, ondorioz. Udal langileek erretena egin zuten zakuekin, eragina txikitu eta ura errekara bideratzeko.

 

Kurtzeta ere itxita ordu batzuz

Kurtzeta mendatea ere itxita egon behar izan zen eguerditik iluntzera bitartean. Izan ere, mendi zati bat errepidera erori zen. Luizia 13:00ak aldera gertatu zen, Kurtzetako gainetik gertu, eta errepidea itxi egin zuten; 19:00ak ingururako zabaldu zuten berriz.

Beharginak lanean, errepidea zabaldu nahian, Kurtzeta inguruan.

Kurtzetan izandako luizia.

 

Putzu ikusgarria Oñatin, Garay parean

Bazkalostean, irudi ikusgarria heldu zitzaigun Oñatitik:

Kasablankan, Garai enpresaren sarrera aurrean.

Botatzen ari zen euriaren ondorioz putzu handia sortu zen Garay lantegi parean, Otadui Zuhaiztian. Aldamenetik aldapa behera datorren ura pilatu eta sortu zen putzua. Udaltzaingotik esan ziguten beste zenbait ere bazirela herrian, baina ari zirela estolda zuloak libratzen eta hori egitean egoera hobera egiten ari zela. Saihesbidean, Azkoagainera iritsi aurretxoan lurjauzia ere izan omen zen.

Auto bat,  Garay enpresako sarrera aurretik igarotzen.

 

Bergaran Debak gainezka

Euri-jasa etengabeak arazoak sortu zituen errepidean Bergara inguruan ere. Olabarrenan istripua izan zena, errepidean ur-putzu handiak sortu ziren han eta hemen, eta Ibaiondo itxi egin zuten Matxiategi San Lorentzorekin lotzen duen zubi azpian, ur baltsa handia sortu zelako, errekak gain hartu izanaren ondorioz. Ikusgarriak ziren menditik zetozen errekatxoak eta Deba ibaiak zekarren ur handia:

Ibaiondon kalea itxi egin zuten Debak gainezka egin zuelako.

Deba ibaia hazita Bergaran.

Ura zubiaren begiak estaltzera heldu zen ia.

Ohituta daudela kontatzen ziguten, baina, inguruko bizilagunek:

Zubikua eta Bolubarri inguruan ere ortuen pare zegoen ura arratsaldean, bideoan ikus daitekeenez:

 

Bergara eta Arrasate arteko errepidean, ura eta harriak

Arrasate eta Bergara arteko errepidea oso arriskutsu egon zen hainbat puntutan, esaterako, Elorregi eta Barrena baserria bitartean, tramu batean, menditik zetorren urak harriak ere ekarri zituen kaminora eta ur putzuak sortu eta harriak pilatu ziren. Gaur goizean, gisa berean jarraitzen zuen oraindik ere. Deba ibaia, bestalde, hazita Elorregin erakusten zuen itxura:

 

Arrasateko garaje batzuetan, ur filtrazioak

Maalako biribilgunearen ondoko hainbat garajetan izan ziren ur filtrazioak, pare bat garajetan gutxienez eta baita zona komun batzuetan ere. Suhiltzaileek, baina, ezin izan zuten ezer egin eurendako zegoen ur kantitatea ez zelako horrenbestekoa. "Terrenoa bustita dago eta lurrak ez du txupatzen" esan ziguten. Garajeak daudenetan utzita joan ziren suhiltzaileak bertatik. Bizilagunak kezkatuta gelditu ziren gauean bota zezakeen euriarengatik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak