Gizarte zerbitzuak bermatzeko 135 milioi ipiniko ditu Aldundiak

Leire Kortabarria 2013ko urtarrilaren 15a

Gipuzkoako Foru Aldundiak 135 milioi eurotik gorako gastua onartu berri du hainbat gizarte zerbitzu emateko: besteak beste, etxeko laguntza, egoitzatan plaza bereziak, babesa behar duten adingabeendako zerbitzuak.

Gizarte zerbitzuak kudeatzen dituzten erakundeekin sinatutako 208 hitzarmeni erantzungo die Aldundiak 135 milioi horiekin.

Alde batetik, etxeko laguntza zerbitzuari aurre egingo zaio. Hori 88 udalekin sinatutako hitzarmenen bidez finantzatzen da eta  3.810 pertsonari ematen die estaldura urtean. Bestalde, hauek ere estaliko ditu: Aldundiak hitzartutako 6.829 plaza mendekoentzako, desgaituentzako, gizarte bazterkeria arriskuan daudenentzako eta bakarrik dauden adingabeentzako egoitza baliabideetan eta zentroetan; eta herritarrei laguntza emateko hainbat programa.

Beste 1.906 lagunendako plazak

Zehaztu behar da foru sareak badituela beste 1.906 plaza publiko Gipuzkoan, zuzenean Foru Aldundiak kudeatzen dituenak edo beste erakunde batzuekin kontratua sinatuta kudeatzen direnak. Beraz, Gizarte Politikako Departamentuak  196.324.176 euro gastatuko ditu 2013an adingabeentzako, mendekoentzako, ezgaituentzako eta gizarte bazterkeria arriskuan daudenentzat egoitza plazak eta eguneko zentroetan lekuak bermatzeko.

Gipuzkoako Foru Aldundiak 2013 aurrekontua onartu du Batzar Nagusietan, eta aurrekontuaren ia erdia Gizarte politikarako da. Foru Aldundiak "Gizarte Politika Departamentuaren zerbitzuetan inolako murrizketarik ez egitea lortu" duela azpimarratzen du; eta beraz, ez da murrizketarik egon plaza hitzartuetan ere.

Zati handiena, mendekoendako plazetarako

Diputatuen Kontseiluak gaur onartu dituen diru kontuen zatirik handienak, 77.641.195 euro, adineko mendeko pertsonen 4.935 plazak mantentzeko gastuari egingo die aurre.

Etxeko laguntza zerbitzurako gaur onartutako gastuak, 14.862.490 euro, lurraldeko 88 udalek ematen duten zerbitzua bermatuko du. Urtean 3.810 pertsonari ematen zaie laguntza bertan.

Egoitza zerbitzuak, eguneko zentroak edota ezgaitasuna dutenentzako beste aukera batzuk emateko erakundeekin sinatutako hitzarmenei dagokienez, Diputatuen Kontseiluak 23.334.483 euroko gastua onartu du. Horrela, urtean 1.301 plaza ordainduko dira.

Bakarrik dauden adingabeei etxebizitzetan edota zentro berezietan arreta emateak 9.963.062 euroko kostua izango du urtean. Zenbateko hori haurrak eta nerabeak hartzen dituzten 199 erakunderen artean banatuko da.

Bestalde, gizarte bazterkeria arriskuan daudenen inguruko lankidetza hitzarmenek 9.539.548 euroko kostua izango dute. Kasu horretan, Gipuzkoako Foru Aldundiak 451 leku ditu egoitzetan, eguneko zentroetan eta bestelako elkarbizitza aukeretan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak