Lurjausia egon da Oñatin, Errotatxo baserrira bidean, eta bidea itxita dago

Oihana Elorza Gorostiza 2013ko urtarrilaren 15a

Udaltzaingotik adierazi dute Errotatxo baserrirako bidean (Arregi nekazaritza turismorako aldapan) lurjausi handia izan dela, bidea moztuta dagoela eta ezin dela handik pasa. Euriagatik ur putzuak ere sortu dira saihesbidean, batez ere, baita lurjausi txikiak ere, eta arretaz gidatzeko gomendatu dute udaltzainek.

Lurjausia izan den tokian guztiz moztuta dago bidea, baina inor ez dago inkomunikatuta. Izan ere, hiru baserritara doa lurjausiaren ondorioz itxita dagoen bidea: Arregi nekazaritza turismora eta beste bi baserritara. Nekazaritza turismora heltzeko beste bide bat ere badago, Errotatxoko bizilagunek kalean pasa dute gaua bart eta beste baserrian ez da inor bizi. 

Pare bat pinu erori dira Errotatxo baserrira bidean.

Lanak

Orain lurra kendu eta bidea berriz ere erabilgarri jartzeko lanak hasiko dituzte. Udaltzaingotik adierazi digutenez, bazkalostean ekingo diete lanei. Lau lagunek jardungo dute egiteko horretan, baina zaila ikusten dute gaur bertan bukatzea, lan handia dagoelako egiteko eta garaiz iluntzen duelako. Bidea libratzea izango da lehentasuna, eta arriskua eragiteko moduan egon daitezkeen harri eta pinuak erretiratzea. Pinudiaren jabearekin harremanetan jartzea izango da hurrengo egitekoa, aurrera begira halakoak gerta ez daitezen zein neurri hartu aztertzeko.

Erreka hazita Olakua auzoan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak