Alerta laranja: 80 litro ur bota ditzake metro koadroko

Goiatz Arana Begiristain 2013ko urtarrilaren 15a

Hotza, haizea, elurra eta, batez ere, euria daude iragarrita gaurko eta biharko, martitzen eta eguaztena. Herrizaingo Saileko Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak jakitera eman duenez, euriari dagokion alerta laranja egoeran gaude, 24 ordutan 80 litro ur metro koadroko baino gehiago pilatzeko probabilitatea dagoelako, bereziki ekialdean. Elur mailak gora egingo du, 1.000 metro ingururaino. Bestalde, atzo, Arrasate izan zen euri gehien egin zuen herrietako bat: 60 litro zenbatu ziren metro koadroko; Sarrian (Araba), 62 zenbatu ziren.

Garaiera horietan, elur geruza 30 zentimetroko lodiera hartzera ailegatu daiteke, baina hortik behera ez da elurrik espero. Haizeak zakar joko du, ipar-mendebaldetik, eta toki batzuetan 100 kilometro orduko abiadura harrapatzera ailegatu daiteke, nahiz eta abiadura hori hartu edo gainditzeko probabilitatea txikia den. Itsasaldean, bereziki, arretaz ibiltzea gomendatzen da. Tenperaturari dagokionez, ez da aldaketarik espero.

Bihar, eguaztena, giroa baretu egingo da apur bat, baina alertan jarraituko dugu: euria gogotik egiten jarraituko du (60 litro ur bota ditzake metro koadroko) eta haizea zakar ibiliko da oraindik ere. Elur maila 1.500 metrora igoko da. Tenperatura minimoetan ez da aldaketarik izango, eta maximoak gutxi igoko dira.

Iragarpenaren arabera, euriak eguenean hartuko du atseden: goiza bustia izango bada ere, ez dugu egunotakoarekin zerikusirik izango, eta arratsaldean atertzera egingo du.

Herritarrentzako gomendioak

Hona hemen, Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologia Zuzendaritzaren aholkuak euri-jasak gertatzen direnerako, ondorio txarrak saihesteko edo ahalik eta gehien murrizteko:

Prebentzioko neurriak:

  • Ez ibilgailurik utzi ibai-ertzetan. Gerta liteke urak bat-batean gora edo gainezka egitea.
  • Kendu ibilgailuak ur-putzuak sor daitezkeen inguruetatik eta urpean geratu daitezkeen garajeetatik.
  • Ahal izanez gero, ez hartu autoa.
  • Ahal den kasuetan, ibili errepide nagusi eta autobideetatik.
  • Erretiratu urak eramateko moduko gauza guztiak, batez ere, kutsadura eragin dezaketen produktu arriskutsuak.
  • Begiratu inguruko hustubideak ondo dauden.

Larrialdietan hartu beharreko neurriak:

  • Urrundu erreka, uhar, zubi edo urpean gera daitezkeen lekuetatik, eta ez saiatu urak hartutako lekuetatik pasatzen, ez autoz ez oinez, urak indar handia dauka-eta.
  • Ura dela-eta autoa errepidean ez aurrera ez atzera geratuz gero, itzali argiak eta irten autotik.
  • Mendi-magaletatik eta muino-magaletatik urrun egon, ura, harriak eta lohia amil daitezke-eta.
  • Ura etxebizitzara sartuko balitz, alde soto eta behe-solairuetatik ahalik eta azkarren.
  • Etxea utzi beharra izanez gero, itzali argindarra eta itxi gasa eta ura. Horrez gain, utzi ohar bat, ostatua non hartuko duzun adierazteko.
  • Jo leku altuenetara; saihestu urpean gera daitezkeen lekuak.
  • Jakinaren gainean egon beti, irratiz edo bestela, jakiteko egoera zertan den eta eguraldiaren iragarpenak zer dioen.

Larrialdietan, deitu 112 zenbakira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak