Gipuzkoan, 2.490 biztanle gehiago zenbatu dira epe horretan: 709.607 izan ziren 2011ko urtarrilaren 1ean, eta 712.097, iazko urtarrilaren 1ean. Debagoienean, epe berean, 428 bizilagun gehitu ziren: 61.915 biztanletik 62.343ra, hain zuzen ere.
Espainiako Estatistika Erakundeak Hego Euskal Herriko eta Espainiako udalerri guztien biztanleria datuak batu ditu, eta Estatuaren Aldizkari Ofizialean, 2012ko abenduaren 29an, abenduaren 21ko 1697/2012 Errege Dekretua argitaratu da, biztanleriaren gaineko datu berriak indarrean sartzen dituena. Datu horiek udal erroldetatik datoz eta balio ofiziala dute.
Araba hazi da gehien
Debagoieneko bi herritan bakarrik zenbatu dira aurreko urtean baino biztanle gutxiago: Antzuolan (-10) eta Leintz Gatzagan (-16). 2.177 eta 256 biztanlerekin, hurrenez hurren, bukatu zuten zenbaketa-epea. Beste herri guztietan, hauek dira biztanleria datuak eta aldea: Aretxabaletan, 6.850 biztanle (+125); Arrasaten, 22.027 (+55); Bergaran, 14.708 (+131); Oñatin, 11.151 (+118); Eskoriatzan, 4.054 (+11); eta Elgetan, 1.120 (+14).
Horren arabera, Aretxabaleta da gehien hazi den bailarako herria: %1,8. Hazi zirenen artean hazkunde txikiena Arrasatek izan du: %0,25; eta oso antzekoa (%0,27), Eskoriatzak.
Hego Euskal Herriari dagokionez, 2012ko urtarrilaren 1an 2.193.093 biztanle zituen Euskal Autonomia Erkidegoak (+8.487), eta 644.566, Nafarroak (+2.515); populazioa %0,38 handitu zen. Bizkaian, %0,23 ugaritu zen populazioa, eta Araban, %1.
Hiriburuetan, Gasteiz argi nabarmentzen da, populazioa %1,1 hazi zelako: 242.223 biztanle ditu (+2.661). Donostiako biztanleria ere hazi egin da: %0,12 (186.409 biztanle gaur egun, 224 gehiago). Aldiz, 1.071 biztanle gutxiago zenbatu ziren Bilbon (351.629 ditu orain; -%0,30), eta 328 gutxiago Iruñean (197.604 biztanle dira orain, -%0,16).
%0,15 ugaritu
Hego Euskal Herriak eta Espainiak biztanle gehiagorekin bukatu zuten zenbatutako azken epea. Denetara, 47.265.321 biztanle dira orain, 2011ko urtarrilaren 1ean baino 74.828 gehiago (+%0,15).