Bertsozale Elkarteak garatu eta elikatutako datu-baseei esker, Euskal Herri osoan zehar dauden bertso-eskolen berri eman eta bertsolaritzaren egoeraren argazkia erakusten duten mapak sortu dira. Tartean, Aramaio, Arrasate, Antzuola, Aretxabaleta, Bergara eta Oñatiko eskolena.
"Webgunean eskaintzen diren mapa hauek bertsolaritzaren transmisioan, geroratzean, lagundu nahi dute, Euskal Herri osoan zehar dauden eragileen esku baliagarri izango dituzten datu interesgarriak jarriz", azaldu dute prentsaurrean. "Bertsolaritzaren Datu-Basea,bdb.bertsozale.com, dute oinarri mapok. Erreminta hau bertsolaritzaz gain beste kultur jarduera batzuen argazkiak jaso eta erakusteko ere oinarri teknologiko egokia izan daitekeela uste dugu". Hala, Bertsozale Elkarteak urte luzez garatutako teknologia honek, kulturgintza mailan interesa izan dezaketen eragile guztiei eskaini nahi die.
Webgunearen edukiak
Bertsotarako Arbel Digitala: Bertsoak idazterakoan laguntza eskaintzen duen programa da, errima bilatzailea eta zuzentzailea, doinutegia, neurri zuzentzailea eta sinonimo bilatzailea eskura jarriz. Bertsoak idatzi, landu edo bertsotan egiten ikasi nahi duenari zuzendutako tresna da hau, Euskal Herriko Unibertsitateko IXA ikerkuntza taldeak Bertsozale Elkartearekin elkarlanean sortutakoa. Manex Agirrezabal ikerlaria izan da proiektu honen garatzaile nagusia, IXA Taldearen laguntzarekin.
Bertso-eskolen Mapa: Bertso-eskola bat bilatu eta harremanetan jarri nahi denarentzat egin da, Euskal Herri osoan zehar dauden bertso-eskolen berri jasotzen du eta urteroko datuak eguneratzen ditu, bertso-eskola bakoitzak azken ikasturtean dituen taldeen ezaugarrien berri emateko.
Bertsolaritzaren Mapa: Bertsolaritza sustatzen ari diren bertso-eskoletako kideek eta herrietako eragileek erabiltzeko garatu da, euren herriko edo bailarako egoeraren irakurketak egin ahal izateko, eta non eragin jakiteko. Herriz herri, bertsolaritzaren egoera zein den aztertzeko datuak eskaintzen ditu mapa honek: ikastetxeetan bertsolaritza lantzen den, bertso-eskolarik baden, eta plazako saiorik antolatzen den. Eta herri bakoitzaren fitxan sartuta, Xenpelar Dokumentazio Zentroan bildutako datu gehiagorekin osatzen da: herri horretako bertsolari eta eragileen biografiak, azken urteko saio kopurua eta 10 urteotako bilakaera, antolatutako sariketak eta lehiaketak, jasotako grabazioak... Etengabe eguneratzen diren datuak dira. Horrez gain, herriko eragileek bere inguruko datu zehatzagoak eskatzeko aukera dute Bertsozale Elkartean bertan.
Tresnak: Bertsotan ari direnentzat edo bertsolaritzaz jakin nahi dutenentzat interneten dauden hainbat baliabide eskura jarri dira: agenda, biografiak, doinutegia, bertso historikoak, bideoak, grabazioak eskuratzeko aukerak, eta bertsolaritzari buruzko hainbat azalpen.