Patxi Alonso: "Madrilen, saturatuta nengoen kazetaritzaren egoerarekin"

Txomin Madina Milikua 2013ko urtarrilaren 17a

Ekoizle exekutibo moduan aurretik ere El conquistador del fin del mundo saioari lotuta egon arren, aurten debateari aurpegia jarri dio lehen aldiz Bilboko kazetariak.

1. Ez dirudi lan erraza Iñaki Lopez ordezkatzeak...

ETBk eta Txema Montoya zuzendariak animatu egin ninduten, ekoizle exekutibo moduan formatua ondo ezagutzen nuelako. Erosoago bizi nintzen kanpotik ikusten, baina oso pozik nago.

2. Orain arte ere programan egon zara, baina kamara atzean.

Berdin segitzen dut; aurkezle izan arren nire lan nagusia ekoizle exekutiboa izatea da. Argi dut protagonistak lehiakide, kapitain eta ikusleak direla; ez da autore programa.

3. 28 lehiakide. Geratu al da casting-a gainditu ez duenik?

Casting-era hainbeste jende aurkeztuta, abantaila da errezagoa dela aukeraketa indartsua egitea. Helburua da era guztietako jendea egotea, etxeko ikusleak senti dezala berak ere parte har dezakeela.

4. Asko kostatu al da Korta itzultzeko konbentzitzea?

Ez, fenomeno bat delako. Iazkoaren ostean pentsa genezakeen ez zuela nahiko eta berak esan zigun ez zuela espero gure deirik. Baina harreman pertsonal oso zuzena dugu eta tandem ona egiten dugu Kortarekin; Juanitorekin ere bai.

5. Egun uler daiteke reality bat sare sozialen parte-hartze gabe?

Gurea ez, hartu duten indarra oso handia delako. Askotan ezin kontrolatu arren, gozatu egiten dugu jendearen interakzioarekin.

6. Urtero, bi hilabete oporretan Argentinan!

Grabazio garaia gogorrena da zuzendari, ekoizle eta teknikoentzat; ordu askokoa. Hilabeteetako prestaketen ostean, lehiakideek aurreikuspenak hautsi ditzakete; hori da tele-errealitatearen politena, baina erantzuten jakin behar da.

7. ETBko aurpegi berriz ere. Madrilen, ez da giro?

Hemen legez;  zail dago. Aurkezleen merkatua erorita ikusita, erraz jarri zidaten: etxetik urrun eta bizi kalitatea galtzen bazaude etekin ekonomiko handi barik, etxera! Kazetaritzaren egoerarekin ere saturatuta nengoen: bizpahiru politiko eta enpresariren eskuetan dago.

8. Zenbat eragin du Salvame-k kirol kazetaritzan?

Tonua gustatu ahal zaizu edo ez; benetako arazoa da kazetaria ez dela independentea, ezin duela esan nahi duena. Eta krisiarekin, "dena balekoa da" diotenei erraz jartzen zaizkie gauzak.

9. Kamara aurrean, zer egiteke?

Aspaldion buru-belarri nabil produkzio exekutiboan: ideiak sortu, taldeak osatu... Horretan jarraitzea gustatuko litzaidake, eta ETB1erako zerbait indartsua egitea. 

10. Egin ahal zaizu elkarrizketa bat Athleticez galdetu barik?

Deseatzen nago, baina ez da gertatzen! Bielsaren aldekoa naizen arren, taldea erdipurdi ikusten dut: denboraldia udan galdu zen.

-----------------

Makila magikoa baneuka: "Zuzendaritza aldaketarekin EITBn hastear dagoen eta ilusionatzen nauen etapa garrantzitsuan, kontziliatuko nuke telebista nazional eta era berean lehiakorra langileen eskubideekiko eta ekoizpen etxe pribatuekiko errespetuarekin; azken hauek dira-eta murrizketak sufritzen ari direnak".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak