Oraindik indarrean dago automobil zaharra abantaila ekonomikoarekin aldatzeko Pive programa, Espainiako Gobernuarena; baina diru-poltsa azkenetan dago, nahiz eta programaren bukaera-data martxoaren 31 den, eta automobil ekoizleek eta saltzaileek piztu dituzte berriz alarma guztiak: "2013a beste urte zail bat izango da kontsumo aldetik; horregatik, Pive bezalako programek asko lagunduko ligukete", esan du auto-ekoizleen Espainiako patronalaren (Anfac) alor ekonomikoko arduradunak, Aranzazu Murrek.
Zifrek ez dute azalpenik behar: Hego Euskal Herriko eta Espainiako automobilgintza sektorean, azken bost urtean, 3.500 enpresa txiki eta ertain eta 40.000 lanpostu desagertu dira, krisiaren ondorioz. Automobil-kontzesionarioen patronaleko (Faconauto) presidenteak, Jaume Rourak, "guztiz ezinbestekotzat" jo du Pive planak 2013an ere indarrean jarrai dezan.
Dena dela, itxaropenerako arrazoiak ere badaude: Motorrezko Ibilgailuen Salmenta, Konponketa eta Ordezko Piezen enpresen Espainiako elkarteko presidenteak, Juan Antonio Sanchez Torresek, esan du Pive planari esker "2012a hasi genuen baino baikorrago bukatu" dutela saltzaileek, eta 2013a "oraindik oso gogorra izan arren, 2013 bukaeran edo 2014 hasieran etorriko den biziberritzearen ataria" izango dela.
Bigarren eskukoak, gora
Debagoieneko kontzesionarioek ere gutxiago saltzen dute edo, behintzat, krisi aurretiko garaietatik hona aldatu egin da lan egiteko modua eta saltzen dutena.
Kanpazar Fiat kontzesionarioko Carlos Ruz saltzaileak honakoa dio: "Arrasateko kooperatibak nola, gu hala gabiltza. Asko igartzen dugu. Lehen, gazteek oso auto onak erosten zituzten, berri-berriak, haien aitak ere ez zituenak modukoak. Lana zegoen eta gazteek asko gastatzen zuten autoetan, kilometroak egiten zituzten… Baina hori bukatu da". Orain, bestelako eskaerak dituzte: "Lehen, bigarren eskuko automobilaren merkaturik ez zegoen hemen, eta orain, bai. Automobil berri samarrak, gehienez ere lau urtekoak, ondo saltzen dira".
Lan egiteko modua ere garaietara egokitu behar izan dute komertzialek: "Krisiak adimena zorroztera behartu gaitu, bai", esaten du Ruzek.
Pive planarekin eta ekoizleak eta kontzesionarioak egindako ahaleginekin, "2012a uste baino ondoxeago bukatu dugu; ez ditugu helburuak bete, baina tira, moldatu gara", esaten du Kanpazar Fiat-eko saltzaileak.
Eragin handia jendearengan
Pive planaren gainean, alde guztien ahalegina azpimarratzen dute saltzaile debagoiendarrek: "Plan horren aurretik, ekoizlea dagoeneko bazebilen deskontuak ematen. Azkenean, gainerakoak, Espainiako Gobernuak ipini dituenak, 1.000 euro bakarrik izan dira, izan ere, ze ekoizlek ez zuen lehendik ere 1.000 euroko deskontua ematen?", esaten du Arrasateko Udalaitz kontzesionarioko Tomas Muñoz komertzialak. Bere esanetan, Pive "pizgarria" izan da eta "joan-etorria sortu" zuen azken hilabeteotan; baina azpimarratzen du "ekoizleak, Pive aurretik, bazebiltzan 3.000, 4.000… euroko deskontuak eskaintzen, baina asmatu dute dirulaguntzak jakinarazteko moduan, jendearengan eragin handiagoa izan baitu Pivek ohiko deskontuek baino". Gaineratzen duenez, arrakasta hain handia izan denez, oso zaila izango da epe bukaeraraino irautaraztea: "75 milioi euroko fondoa zegoen, 75.000 salerosketa ingururendako, eta urriaren 1etik martxoaren 31ra arte edo dirua bukatu arte zen; bada, oso-oso diru gutxi gelditzen da". Horren aurrean, ekoizleak eta saltzaileak "luzatu dezatela eskatzen" dabiltza.
Diru-baliabide guztiak, eskura
Baina gobernuaren laguntzen zain ezin izan dira geratu auto-saltzaileak; ez da ahaztu behar Pive plana urrian hasi zela. "Krisian, geu eta beste denok gabiltza ahalegin berezia egiten", azpimarratzen du Udalaitz kontzesionarioko Tomas Muñozek. "Aspalditik gabiltza automobilak ia-ia kostuaren adinako preziotan saltzen. Erosle gutxiago dago, eta ekoizleek produkzioari eusteko modu bakarra pizgarriak ematea da".
Eta bezeroari gero eta pizgarri gehiago ematen zaizkiola esaten du: "Berritasun gisa, lehen, autoa finantzatzen zenuenean, marken interesak ia-ia edozein bankurenak baino handiagoak ziren. Gaur egun, ahalegin osoa marjinaren, irabaziaren gainean egiten dabiltzanez, bankuen interes-tipoaren azpitik dagoen finantziazioa eskaintzen dabiltza markak, eta finantziazio horrek sortzen dituen interesak automobil berriaren deskontuan islatzen dira. Adibidez: Audi A4 autoa 12.000 euroko finantziazioarekin erosten badidazu, 2.000 euro deskontatuko dizkizut. Horiek nondik irteten dira? Bada, interesetatik. Labur esanda, garai baten banketxearendako izango liratekeen interesak deskontatu egiten zaizkio bezeroari. Hau da, baliabide guztiak bere eskura ipintzen dira".
Hasi zenetik, luzatzeko eskatu
Markak, kasu honetan Citroenek egindako deskontuak ere aipatzen ditu Arrasateko Chapime kontzesionarioko Mikel Loitik. "Iaz zailtasunak izan arren, aurreko urtean baino %9 gehiago saldu genuen, etxearen deskontuei esker eta Pive planari esker", dio berak. "Citroenen politika beti izan da deskontuak egitekoa eta beti egon dira laguntzak. Orain, Piverekin, autoak sekula baino merkeago eta ekipamendu gehiagorekin saldu dira". Eta datuek arrazoia ematen diote: autoa aldatzeko inoiz baino baldintza ekonomiko hobeak izan dira honakoak, eta Hego Euskal Herrian eta Espainian 699.589 automobil eta lur-orotariko matrikulatu dira 2012an, aurreko urtean baino %13,4 gutxiago.
Pive plana bukatzen denean, ordea, "irailean gertatu zena gertatuko da: BEZa igo zen momentuan geldialdi handia igarri genuen, eta, laguntza luzatzen ez bada, horixe gertatuko da", esaten du Mikel Loiti komertzialak. Horregatik, Pive "hasi zenetik" eskatu zuten auto-saltzaileek berau luzatzeko modukoa izatea, eta 2013. urte osoan iraun zezala. "Industria ministroak esan du ez duela luzapena baztertzen", gaineratzen du, itxaropentsu.
Pive planaren helburuetako bat zen Hego Euskal Herriko eta Espainiako automobil-parkea berritzen joatea eta kontsumo eta ekologia aldetik automobil eragingarriagoak zabaltzea. Eta, Mikel Loitiren iritziz, "laguntza programak behar dira, noski baietz. Europako automobil-parke zaharrenetarikoa izanda, auto horiek erditik kentzeko eta jario kutsagarriak txikitzeko, horrelako programak behar dira, are gehiago krisi egoera honetan". Udalaitzeko Tomas Muñozen iritzi berekoa da: "Geuk aurreratzen dugu dirua. Matrikulazio-zerga Gobernuarendako da, eta BEZa ere bai. Beraz, ezer ez bada saltzen, ez dute inondik inora ezer kobratuko".
Bezero guztiei, informazioa
Krisiaren ondorioz, jendeak beste modu batera erosten duela uste du Mikel Loitik: "Gaur egun, gehiago begiratzen da dena: erdi-berria beti eskatu izan da, 0 kilometroko autoak ere bai… baina, azkenaldian, gehiago, norberaren aurrekontua asko txikitu delako, finantzaketa zailagoa delako eta beldur handia dagoelako. Logikoa den moduan, gauzak ez dira lehen bezala, eta, seguru asko, ez dira izango".
Auto-kontzesionario guztiak ez dira berdin; bakoitzak bere politika du eta badago, segun eta ze aurrekonturekin joaten zaizkien bezeroak errefusatzen dituzten salmenta-lekurik. Mikel Loitik dioenez, Chapimera ere jende asko joaten da aurrekontu itxiarekin. "Guk daukagun produktua eskaini diezaiokegu, edo gestioak egin prezio horretan sartu daitekeen auto bat lortzeko. Gu saiatzen gara aurrekontu hori eta bezeroaren eskaerak betetzen; produktua ez baldin badaukagu, hortik gertu dagoena eskaintzen diogu, eta bestela, aukera ematen diogu gestioa egiteko, inguruan begiratzeko; baina gaur ez gaude inondik inora bezero bat informazio barik bidaltzeko moduan. Hobe da zeozer saltzea, ezer ez saltzea baino".
Pisu handia Euskal Herrian
Ezkorra da Ford Mugarri kontzesionarioko arduraduna, Rafa Etxabe. Hark Goiena Magazinea saioan esan zuenez, ez du uste erakundeek Pive luzatuko dutenik, "dirurik ez" dutelako. "Erakundeek borondatea izango dute, baina Espainian oso txarra da egoera. Ea Urkullurekin mirariren bat-edo datorkigun!", esaten zuen.
Pive planaren gainean, balorazio ona egiten du, baina beste aldea ere ikusten dio: "Uste genuen plus bat izango zela, baina, azkenean, salmenta gehienak Piverekin lotutakoak bakarrik izan dira".
Euskal Herrian automobilgintzak duen garrantziaz ohartarazi zuen, eta sektoreari eutsi behar zaiola azpimarratu: "Euskal Herrian, enpresa banatzaileetatik hasi, ikerkuntza enpresetara, fabrikanteetara… automobilen sektorea hemendik joango balitz, lur jota geldituko litzateke dena". Iruñea ematen du horren adibide on gisa, baina Debagoienean ere pisu handia duela esaten du: "Pentsa gure bailaran, automobilgintzan, zenbat lanpostu dauden; orain arte, Alemaniak tiratu du, orain badirudi zerbait moteldu dela… Automobilaren mundua izugarri garrantzitsua da".
-----------------
Laguntza publikoak, krisia hasi zenetik
Vive eta 2000e: krisia hasi zenetik, Espainiako Gobernuak automobila erosteko laguntza planak egin ditu. Hala, 2008an Vive izenekoa egin zuen, automobil zahar baten truke berria erosteko 30.000 euroko laguntzarekin; eta, 2009 hasi berri zela, 2000E izeneko plana, markaren 500 euro eta Gobernuaren 1.000 euro arteko laguntzekin; erkidegoek beste 500 ipin zezaketen.
75 milioi euro: Pive plana 75 milioiko poltsarekin sortu zen, 75.000 salmenta inguru ahalbidetzeko. Helburua zen Espainiako automobil-parkea
berritzea eta ibilgailu zaharren partez ibilgailu eragingarriagoak erabil daitezen.
26 milioi litro aurreztu: IDAEk, Energia Dibertsifikatzeko eta Aurrezteko Espainiako erakundeak, kalkulatu du Piveri esker 26,1 milioi litro erregai aurreztuko direla, 166.000 petrolio-barrika inguru. Gastu hori saihestuta, Espainiak 16 milioi euro aurreztuko ditu urtean.
Bultzada bat: bultzada ederra eman dio Pivek merkatuari: iaz 699.589 matrikulazio egin ziren.
-----------------
Rafa Etxabe (auto-saltzailea): "Autoen frankizien sarean langile piloa gaude; Gipuzkoan, 4.000tik gora"
Auto-kontzesionario gehienak frankiziak dira, hau da, marka handi baten agenteak. Ford Mugarri kontzesionarioko arduradun Rafa Etxaberen esanetan, "inbertsioak, langileak… dena frankiziadunen ardura da, ez markarena".
Nola zabiltzate Ford Mugarrin, frankizia zareten aldetik? Jendeak pentsatzen du gu garela autoen jabeak. Gu, azkenean, marka baten eta eroslearen arteko bitartekariak gara. Ford etxeak marka eta produktua ematen digu, baina geurea da inbertsioa, pabilioiak, lantaldearen ardura osoa… Ez dago alde handirik marka batetik bestera. Frankizia zaren unean, markaren esku zaude, eta, beste aldetik, bezeroaren esku. Egoera estutzen denean, normala da gure marjinak ere estutzea. Markak promozio handiak egiten ditu, eta gure poltsikoan ere eskua sartzen du, irabaziekiko gure portzentajea txikituz.
Erregimen horretan zer hobetua ikusten duzu? Bai, hobetu daiteke, baina hau Europako arauetatik dator eta oso konplikatua da hor sartzea. Elkarteetan komentatzen da ea ikara egin diezaiokegun araudiari, baina oso lotuta dago dena. Asko gara, sare moduan; bailaran bertan, langileak zenbatzen hasita, automobilen salmentan edo saldu ondorengoko zerbitzuan, langile kopuru izugarria izango ginateke; Gipuzkoan, 4.000 baino gehiago gara. Kopurua oso handia da; baina hori ukitzea soka luzea da.
Frankizia zareten neurrian, marjinak ateratzea zaila da, ezta? Bai. Lehia handia dago, egoera ere estua da, markak ere esaten du erasokorragoa izan behar duzula… eta gu bagara, baina ondokoa ere bai. Marjinak txikitu egiten dira. Autoa saldu gura baduzu, konpetentziarekin lehiatu behar duzu; markak eskaintza handia antolatzen badu, zuri ere zerbait ipintzeko esaten dizu… Etengabeko borroka da.
Frankizia baten sartzea gomendatuko zenioke bateren bati? Niri lanbide hau, automobilak, salmentak… beti gustatu izan zait. Lana izanez gero, gauzak itxura baten egonez gero, gustura nago. Baina hasieratik jakin izan banu… ez dakit, ez dakit. Nolabait esatearren, sekta baten sartzea modukoa da; eta orain, honaino ailegatuta, jarraitu egingo dugu.
Bezeroa exijenteagoa da? Bai; mugitzen da apur bat. Baina, lehia baino gehiago, konkurrentzia da arazoa, marka berarekin gerra egotea. Adibidez, Nafarroan autoak merkeagoak direla dio jendeak, eta ez da egia. Baina momentu honetan, jendeak begiratzen du, bai, baina guk ere ezin dugu gehiago egin, autoak ere kostea duelako.


