Aretxabaletak ez zuen denboraldiko partidua jokatu atzo, inondik inora. Giro hotzak zerikusia izan zuen UDAren jokoan, antza. Izan ere, erritmo motela eta sakontasun gutxi jarri zioten jokoari Alberto Albistegiren mutilek. Beti Gaztek bere partidua egin zuen. Atzean ondo jarrita eta lerroak bata bestearengandik oso gertu. Horren ondorioz, Aretxabaletako jokalariek atzerantz egin behar izan zuten askotan. Horrek, ohikoa denez, jarraitzaileen haserrea piztu zuen, amaieran batez ere.
Lehen aukera, 30. minutuan
Lehen minutuetan bi taldeak atzealdea ondo zainduta izateko asmoz irten ziren. Minutuek aurrera egin ahala nagusitzen joan zen Aretxabaletako taldea, baina benetako arriskurik ez zuen sortu 30. minutura arte: Aitor Perezek aukera ederra izan zuen pase eder bat jaso ostean, eta baloia atezainaren gainetik maisuki loratu arren baloia gutxigatik joan zen kanpora.
Hurrengo minutuan Beti Gazteko aurrelariak beste aukera garbi bat izan zuen, baina area barruan egindako jaurtiketa erdira irten zitzaion. Atsedenaldira heldu aurretik ez zen beste jokaldi aipagarririk izan.
Hegaletatik abiadura sartu
Bigarren zatia beste era batera planteatu zuen etxeko taldeak. Ander Fernandez eta Jokin Urtzelai zelairatu zituen Albistegik, hegalei abiadura emateko asmoz.
Eta, batez ere Fernandezi esker, lortu zuen helburua; bigarren zatiko hasierako minutuetan arrisku handia sortu zuen erdilariak. Haren hegaletik etorri ziren Oinatz Agirre aurrelariak jarraian izan zituen bi aukerak. Hala ere, Lesakako taldeak UDAren erasoko jokoa gelditzen jakin zuen; bigarren zatian argi eta garbi geratu zen berdinketaren bila irten zirela. Horrek ez du esan nahi lan mardula egin ez zutenik. Baloia etxeko taldeari utzi bai, baina zelaian oso ondo jarrita eta taldeko lan ederra egin ostean. Horrek eragin zuen bigarren zatiko lehen minutuen ostean, UDAk ezin izan zuela bere jokoa egin. Behin eta berriz atzera jokatu behar izan zuten Albistegiren mutilek, eta Beti Gazteren atera hurbiltzen zirenean azken pasean kale egiten zuten gehienetan. Hala, hainbat minututan ez zen beste aukerarik izan. Aurkariaren nekea eta arriskurik ez sortzearen etsipena ondo aprobetxatu zuten nafarrek; gainera, 82. minutuan 0-1ekoa egiteko aukera eder bat ere izan zuten. Partiduak ez zuen gehiagorako eman; porrotaren zaporea duen berdinketa eta Hernanirengandik hurbilago egoteko alferrik galdutako aukera ederra.
Datorren jardunaldian hasiko da bigarren itzulia; Mondraren aurkako derbia tokatzen da. Biek nahikoa ez den puntu bakar bat lortu dute jardunaldi honetan eta beraz, puntuak lortzeko beharrarekin helduko dira zitara.