Arantzazu Ibarrondo Oñatiko Udal Liburutegiko arduraduna da eta Neguko Gidaren garrantzia eta balioa azpimarratu nahi izan ditu: "Hainbat liburutegik elkarlanean egindako gida izateak lan handia eskatzen du, guztiok ados jartzea ez delako erraza izaten. Baina, hain justu ere, horrek ematen dio Neguko Gidari aberastasuna, aukeraketa egiten lan-talde sendoa dagoela atzean. Uste dut liburutegion arteko elkarlana oso garrantzitsua dela. Esango nuke Euskal Herri mailan aitzindariak garela horretan".
Klasikoak ume eta helduentzat
Liburu, disko eta ikus-entzunezkoen artean, guztira 73 proposamen egin dituzte eta horietako batzuk azpimarratzeko eskatu diogu Ibarrondori. 0 urtetik gorako haur literaturaren kategorian, esaterako, Gorila bat zenbatzeko liburua aipatu digu: "Anthony Browne klasiko bat da haur literaturan, egiten duen guztia izaten da oso kalitate onekoa. Zenbatzen ikasteko liburua da, baina ilustrazioa da nagusi eta umore puntu batekin gainera".
Neguko Gidan jasotzen den beste idazle klasiko bat aipatu digu jarraian, kasu honetan euskalduna: Mariasun Landa. "Maitagarria eta Desioa liburua bederatzi urtetik gorakoen kategorian badago ere badakigu helduek asko gozatzen dutela liburu horrekin. Horrek esan nahi du literatura oso ona dela. Bizitzaren eta heriotzaren inguruan jarduten duen liburua da. Mariasun Landa oso idazle poetikoa da".
Literaturaz gain, ikus-entzunezkoak eta musika ere proposatzen dira gidan. Zentzu horretan Cecilia Bartoliren Mission gomendatu digu Ibarrondok: "Musika klasikoa da. Oso kritika onak jaso ditu. Lan garrantzitsua da Agostino Steffani konposatzailearen musika interpretatzen den lehenengo aldia delako".
Neguko Gida eskuragarri dago Udal Liburutegietan abendua amaiera ezkero eta ikastetxeetan ere banatu dute. Horrez gain, formatu digitala ere eskuragarri dago liburutegien edo udalen webguneetan.